'Ketariatik mundura' nano pastorala eskainiko dute igande honetan Getarian

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 14a, 08:00
'Ketariatik mundura' pastoraleko hiru aktoreak emanaldi batean. (Utzitakoa)

Bista Onan izango da ordu eta erdi irauten duen emanaldia, eta Juan Sebastian Elkano eta lehen mundubira izango dituzte hizpide. Soilik hiru aktorek eta bi musikarik parte hartzen dute Mixel Etxekoparrek idatzitako obran, eta berak eman dizkio Hitzari emanaldiari buruzko azalpenak.

"Lurraren ertzean ura / itsas bazterrean lurra / Munduak bazterrik ez du / eta guk aurkitu gura... Katrapona tuneletik / beti jalgitzen argira / Hala bedi bihar ere / Xiberotik Getariara!". Mixel Etxekoparrek idatzitako Ketariatik mundura pastorala igande honetan erakutsiko dute Getarian, 18:00etan Bista Onan, eta idazleak Hitzari aitortu dio pozarren dela lana Getarian aurkezteagatik. Gaia, izan ere, Juan Sebastian Elkano eta lehen mundubira dira. "Niretzat oso egitasmo ederra da istorio hori Getarian kontatzea, aspalditik arrotz bezain maitagarriak zaizkidalako itsasoari begira dauden herriak, eta oso erakargarriak Elkanoren figura eta marinel guztien figura".

Etxekoparrek zehaztu du Elkano erakargarri zaiola "bere argi eta itzal guztiekin", eta horren arrazoia gaineratu du: "Beti harrigarria egin zait halako balentria egin izana, zeren, nor abia liteke orain halako kontratu baten egitera, non badakizun hamarretik zazpi-zortzi ez zaretela itzuliko? Beti erakarri nau abenturazale bezala, eta gorde gabe izan diren eta izan ziren itzalak ere bai, munduaren aurkikuntza izan bazen ere, kolonizazioan urrats handia izan zelako garai hura, eta euskaldun bezala, maite dut itzal-argi guztien asumitzea, gureak direlako".

Mixel Etxekopar: "Euskaldun gisa, maite dut itzal-argi guztien asumitzea, gureak direlako"

Etxekoparrek hiru hamarkada zeramatzan Elkanoz irakurtzen, eta duela bost urte bururatu zitzaion pastorala idaztea. "Elkanoren istorioaren parte bat kontatzen den arren, lana abiatu dut Ketariatik. Getaria herriaz irakurria nintzen, eta ikusi nuen bazela kondaira bat eta ipuinak ere bazirela herriaren jatorriaz, eta hortik abiatu dut pastorala", zehaztu du. "Fikzioak, mitologiak eta errealitateak bat egiten dute antzerkian", gaineratu du.

Nano pastorala da Ketariatik mundura lana, hau da, formatu txikiko antzezlana: oholtzan hiru aktore bakarrik izango dira eta horiei bi musikarik lagunduko die, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Oholtzarik gabe, soka batek mugatuko du pastoralaren eremua, "eta eremu huts eta txiki horretan gertatuko da guztia", kontatu du. "Istorioa Getarian abiatzen da, eta Moluketatik eta Elkano ibili zen beste hainbat uhartetatik pasatuko da, baina beti toki berean eta ezer aldatu gabe; dena aldatzen da ikuslearen begian edo buruan". Etxekoparrentzat, alde horretatik, "antzezlan arkaiko bezain modernoa" da.

Dagoeneko erakutsi dute zenbait tokitan. Estreinaldia, esaterako, joan den irailean egin zuten, Donostiako portuan, mundubiraren 500. urtemugan. "Kontxatik patatxa batean iritsi ginen kaira, eta pastorala portuan bertan izan zen; izugarri ederra izan zen".

Txikitatik jasoa

Aktiboki parte hartzen du Etxekoparrek obran bertan, bera baita bi musikarietako bat –Kristian Galtxetabru da bestea–, eta gainera, alaba du aktoreetako bat: Maika Etxekopar. Beste bi aktoreak Ihitz Iriart eta Beñat Larrori dira. "Hirurak oso trebatuak dira kantuan eta pastoraletan". Iriart eta Etxekopar Amaren Alabak musika taldean ere badabiltza.

Zuberotarra da Etxekopar, Gotaine herrikoa. Tradizio handia dute han pastoralek, eta txikitatik ikusi izan ditu, baita haietan parte hartu eta haiek antolatu ere. Etxekoparrek azaldu du "tradizioari beti begi berriekin" begiratzen dietela berak eta bere taldekideek. "Pastoral txikiak egiten ditugu, eta oraingo hau baino formatu txikiagorik ez dut uste izan denik historian; horregatik deitu diogu nano pastorala". Baina, zer da pastoral bat? "Pastoral bat da opera herrikoi bat, istorio baten kontatzeko manera, modu aski sinplea, mugimenduak musikaz lagunduta".

Zuberotarrak azaldu du berez formatu handiagorako idatzi zuela lana, "baina Getariako lagunek bultzaturik", formula txikiagora jotzea erabaki zuela, "eta horrela sortu zen inoiz egin den pastoralik txikiena".

Getariar guztiak animatu ditu igandean obraz gozatzera, eta aitortu du nahiko lukeela pastoralarekin "mundubira ez, baina euskal portuen bira egitea".