Getariako Udalak berdintasuna lantzeko tailerrak, ikastaroak eta hitzaldiak antolatu ditu udazkenerako

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 17a, 16:00
Besteak beste, autodefentsa ikastaroa eskainiko du udazken honetan Getariako Udalak.

Aurreneko ekintza indarkeria matxistaren aurkako prebentzio tailerra izango da, hil honen amaieran, eta 12-16 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago.

Getariako Udalak hainbat saio antolatu ditu datozen aste eta hilabeteetarako herriko emakumeen artean berdintasunaren gaia lantzeko.

Besteak beste, ahalduntze ikastaroa egongo da hamabostero, urri amaieran hasita. Dena dela, oraindik zehazteko dute hori noiz eta zer ordutan izango den.

Udalak adin desberdinak hartu ditu kontuan; hala, gaztetxoentzako da tailerretako bat, eta menopausia jada badutenentzako, ekintzetako beste bat. Gaztetxoentzako tailer hori, gainera, neskei zein mutilei zuzenduta dagoela azpimarratu du udalak.

Informazio gehiago nahi duenak nahiz horietan izena emateko asmoa duenak udaletxera jo dezake.

Berdintasuna lantzeko ekintzak

  • Irailaren 29an, ostirala: indarkeria matxistaren aurkako prebentzio tailerra. 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat da –neska zein mutil– eta Gaztelekuan eskainiko dute, 18:00etan.
  • Urri amaieran hasita, hamabostero: ahalduntze ikastaroa herriko emakumeentzat. Ulpiano aretoan. Datak eta ordua zehazteko.
  • Azaroaren 4an, larunbata: autodefentsa ikastaroa, Emaginen eskutik. Ulpiano aretoan, 10:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 17:30era.
  • Azaroaren 9an, osteguna: Menopausia garaian, nola elikatu eta nola zaindu izeneko hitzaldia, Amaia Zabaleta biologiaren eskutik. Alondegian, 19:00etan.