Getariako Musika Bandak gogotik ospatu du musikarien eguna

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 28a, 10:32

Igande goizean kalejiran ibili ziren bandakoak diana joz, eta eguerdian Santa Zezilia eguneko kontzertua eskaini zuten parrokian. Musika Bandaren emanaldi horrekin amaitu dituzte herrian musikarien eguneko ekitaldiak.

Getariako Musika Bandak amaiera ederra jarri zion igandean Santa Zezilia eguneko ospakizunei. Diana joz atera ziren kalera goizean, umore onean, eta eguerdian, Santa Zezilia eguneko kontzertua eskaini zuten, parrokian.

Herriko musikari asko ibili dira beren eguna ospatzen eta herritarrak musikaz gozarazten. Gazte Alaiak txistulari taldekoak izan ziren jendaurrera ateratzen aurrenak, hilaren 19an, igandean, Salbadore Deuna elizan kontzertua eskainiz. Ondoren, hilaren 21ean, Pepita Enbil Musika Eskolakoek eskaini zuten emanaldia Iturzaeta aretoan, eta Santa Zezilia egunean bertan, Getariako Musika Banda ibili zen kalez kale.

Argazkiak: Getariako Musika Banda.