Puntuka

Gazte langileok borrokara

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2023ko ots. 2a, 10:23
Urtarrilaren 28an Bilbon egindako manifestazioaren une bat. (GKS)

Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honakoa:

Joan den larunbatean Bilbo eta Iruñeko kaleak bete ziren Burgesiaren ofentsibaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean. Euskal Herri osoko milaka gazte atera ziren kalera aurtengo mobilizazioan ere, eta dudarik gabe, mobilizazio horrek astindu ditu zenbait bazter. Onerako eta txarrerako.

Gazte Koordinadora Sozialistatik antolatzen den bigarren mobilizazioa izan da larunbatekoa. Izan ere, joan den urtean, COVID testuinguruan murgilduta antolatu zen lehenengo mobilizazio jendetsua. Orduan, jende ugarik testuinguruaren ondorio gisa ulertu zuen hainbeste jende mobilizatzearen arrazoia. Pandemia testuinguruan, oinarrizko eskubideen murrizketa eta poliziaren bortizkeriaren garaian, kalera ateratzeko behar orokor horrek ekarriko balu bezala mobilizazioaren atxikipen zabal hura. Hala ere, aurtengo mobilizazioek argi uzten dute gazteen artean badela estrategia sozialistaren atxikipen zabal bat eta gelditzeko etorri den mugimendu baten aurrean gaudela.

Gaur egungo gizarte despolitiko eta indibidualista honetan, ez da erraza gazteria mugiaraztea. Gazte langileon bizitzak ezegonkortasuna oinarri badu ere, azken urteetako politikaren dekadentziak etsi- pena besterik ez digu ekarri. Horrela, bereziki adierazgarria da hainbeste gazte kaleetan ikustea eta ez edozein aldarriren barruan, baizik eta aldarri komunisten barruan. Honek argi uzten du Euskal Herriko gazteen artean estrategia sozialista lortzen ari den atxikimendua.

Baina nekez uler genezake lortutako emaitza aurreko lanketa aipatu gabe. Eskualdez eskualde egin den lan ikaragarria azpimarratu behar den era berean, ordea, aipatu behar da jasotako jazarpena. Ikusten da oraindik ere militantziak baduela alde ilunik eta poliziaren jazarpen mota ezberdinak jasan behar izaten ditugula oraindik. Identifikazioak, multak, jarraipenak... ohikoak dira oraindik ere antolakuntza independiente bat planteatzen duten mugimendu politikoetan. Inoizko gobernu aurrerakoietan ere, jazarpen eta bortizkeria poliziala eguneroko ogia dira.

Argi dago alderdi politikoen fartsa geroz eta ageriago dela, gure egoera hobetzetik urrun gure miseria kudeatzera mugatzen baitira. Horregaitik, beraiek ogi apurrak banatzen dituzte langileriaren haserre eta inpotentzia apaltzek, eta existitzen den ezinegona elektoralki kanalizatzen saiatzen dira. Baina iada gero eta argiago dago alderdi politiko bat edo beste egon indarrean, gure errealitatearen oinarrian miseria berdina egongo dela. Elektoralki ez dago aldaketa errealik. Gaur egun Espainiako Estatuan dugun inoizko gobernu aurrerakoienari begiratu besterik ez dugu hori ikusteko.

Bizi dugun egoerari aurre egiteko erreminta propioak behar ditugu; subjektu politiko independente bihurtu behar gara. Ofentsiba ekonomiko, politiko eta belikoaren aurrean, estatu sozialistaren beharra mahaigaineratu behar dugu. Langileon programa historikoa lehen lerrora ekarri behar dugu, klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat lortzeko. Norabide horretan lan egiteko konpromisoa aldarrikatzeko eguna izan zen larunbatekoa, langileria subjektu politiko indartsu bihurtzeko erremintak sortzen jarraitu behar dugu, pobretzeari eta eskubide ezabapenari aurre egiteko.