Puntuka

Etxebizitza legearen fartsa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2023ko mai. 11a, 11:38
Etxebizitza bat salgai. (Eider Agirre)

Eider Agirrek Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zer bihurtu den batzuen ‘politika’, pentsatu nuen telebistari begira. Piztu eta une oroko propaganda bonbardaketa, eta akordatu naiz, bat-batean, kanal guztietan ikus daitekeen agintarien inbasioaz; zopan ere agertzen diren tertulia goratuez eta ustezko borondate oneko promesez. Kalean ere bada saldu nahi denaren aldarririk, entzuten uzten ez diguten megafonia oihuak, bide ertzetako propaganda panel erraldoiak eta orain arte egin ezin zitezkeen karitatezko azken-nahiak: errepideen asfaltatzeak, igogailuak... eta, nola ez, etxebizitza lege berria.

Duela bi aste onartu zuten Etxebizitza Legea Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta, hain justu, horretaz hitz egingo dut: saldu diguten hitzaren eta errealitatearen arteko arrakalaz, eta beraz, bere funtzio elektoralistaz. Berri txarrak maizterrentzat.

Legearen onarpenaren harira, adierazpen bateratua argitaratu dute Espainiako Estatuan etxebizitzaren arloa lantzen duten hogeitik gora sindikatuk eta taldek, lege berriaren inguruan daukaten jarrera argitzeko. Horrek ondo islatzen du legearen anbizioa, soilik lege horren zabalpenaren dimentsioari erreparatuta argi ikusten baita funtzio propagandistiko argia duela. Gainera, jakina da gobernu ezberdinetan dauden alderdiek lehen urteak aprobetxatzen dituztela neurri gogaikarriak hartzeko, eta legealdiaren azken erditik gora, berriz, nolabaiteko neurri populistak saltzeko. Atera kalkuluak, eta kontuan hartu noiz atera den legea.

Goazen, bada, pixkanaka mamira. Etxebizitza Legeak ez du maizterren egoera funtsean aldatuko, neurri berriek ez dituzte etxegabetzeak geratzen, eta ez dituzte alokairuaren prezioak jaisten. Lege berriak jabeen irabaziak bermatzen eta areagotzen ditu; prezioaren jaitsiera bermatu beharrean, gehienezko prezioa mugatzen du (gaur egun dauden prezio desorbitatuen baitan), errentatzaile txikientzat kalte ordainak aurreikusten ditu, eta, adibidez, ez du etxebizitza turistikoen sektorea ukitzen.

Legeak berak tranpa egina datorkiola diote, eta edozein txokotako eztabaidetan ikusi besterik ez dago horretaz ohartzeko. Gogotsu dabiltza foru ezberdinetan lege horren zirrikituen bila, eta zirrikituetako bat autobide bihurtu dela esan daiteke. ‘Sasoiko alokairu’ gisa ezagutzen denaren forma juridikoaz ari naiz, zeinak kolpe bakarrean maizterra inongo lege berriko eskubiderik gabe uzten duen. Badira, bestalde, pikarokeri handiz egin diren klausulak ere, alokairuak igotzeko balizko aukerak, zenbait punturen baliagarritasuna ezbaian jartzen den erredakzio forma anbiguoak, egungo kontratuentzat goiztiarren 2028ra arte martxan jarriko ez diren prorrogak eta abarrak.

Legearen mugak argiak diren era berean, haren aplikaziorako bideak negargarriak dira. Nola nahi dituzte aurrera eraman beren ‘neurri iraultzaile’ horiek ez bada inspekzio eta berrikuspen baliabiderik planteatzen? Legeak paper gainean jartzen duena betetzen dela ziurtatuko duen eta betetzen ez bada hori salatuko eta presioa egingo duen antolakuntzarik ez dago. Horrela, alderdi politikoek legea propaganda eta aurpegi zuriketarako erabiltzen dute, benetan gauzatuko ez den soluzio bat mahai gaineratuko balute bezala.

Ikusi dugu eskubideak airean direla guretzat; ez, aldiz, betebeharrak. Eta ez egin dudarik horiek bete ezean, alokairua edo hipoteka ordaindu ezean, adinekoak, familiak eta gazteak kaleratzen jarraituko dutela. Beste batzuek dozenaka dituzten bitartean. Ezin amorrutik aterata nabil jendearen miseriatik bizi direnak, besteen bizitzaren jabe egitea zilegi dela pentsatzen edota justifikatzen dutenak. Azken instantzian, lege berriak hori baitu oinarri; jenderik gabe dauden etxeak izanik ere, jendea etxerik gabe izatea zilegi dela. Hori da legearen bitartez alderdi aurrerakoiek eta orbitako pentsamoldeak normalizatuko duten ideia negargarria.