Puntuka

Eta euskaraz zer?

Erabiltzailearen aurpegia Intza Trula 2023ko urt. 26a, 10:10
'Ihesaldia' telesaileko aktoreak. (EITB)

Hona hemen Intza Trulak Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Gaur egun euskaldunek kontsumitzen dituzten ikus-entzunezko gehienak gaztelaniaz kontsumitzen dituztela ondorioztatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hori izan da, besteak beste, 2022ko ekainean gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoaren inguruan egindako ikerketaren ondorio adierazgarrienetako bat.

Euskaldunok gaztelaniazko edukiak lehenesten ditugu gure egunerokoan. Azken urteetan teknologiak izandako hazkundeak ez dio euskarari mesede handirik egin, eta horrek eragina izan du edukiak kontsumitzerakoan hautatzen dugun hizkuntzan. Halaber, sare sozialek garrantzi handia dute gazteen egunerokoan, eta hauek gaztelaniaz kontsumitzen dituzte, baita bideojoko eta musika gehiena ere. Hori horrela gertatzen da, besteak beste, gehienbat nerabeen artean hain erabiliak diren Tik Tok, Instagram eta Youtube plataformetan euskal sortzaile digitalak oso gutxi direlako. Erreferente falta dutelako, alegia.

Hala eta guztiz ere, euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza oso urria da, eta ikusleek horrela aukeratuko balute ere, ez da erraza geure hizkuntzan telesail zein filmak aurkitzea. Euskal Herrian arrakasta gehien izan duten telesailak, besteak beste, Goenkale, Altsasu, Ihesaldia eta Alardea izan dira, baina hortik at ez da aukera askorik euskarazko entretenimenduan. Ostera, aipatu beharra dago telesail horiek ez dutela publiko zabal bat barne hartzen, baizik eta adin tarte jakin bati zuzendutakoak direla. Euskaraz produzitzeaz gain, era berean beste hizkuntzetatik hartutako produktuak bikoizteak kontsumo handiagorako aukera emango luke.

Erreferente faltak eta eduki faltak belaunaldi berriei eragiten die gehienbat. Gaztelaniazko materiala ikusten hazi eta hezi dira. Horrek eragin zuzena du beren egunerokoan eta pixkanaka-pixkanaka gaztelaniazko film, telesail eta programa gehiago ikusten dituzte.  Horrez aparte, telesail eta film horien euskarak ere eragina izan dezake. Ia guztiak euskara batuan produzitu eta grabatutakoak izaten dira. Bere egunerokoan euskalkian hitz egiten duen herritar bati nekez egingo zaio naturala euskara batuan egindakoa ikustea. Agian hori ez zen horrela izango euskarazko produktu gehiago egongo balira eta gure belarriak horretara ohituko bagenitu. Geureagoa eta gertukoagoa sentituko genuke. Bien bitartean, ziurrenik hartzaile horrek nahiago izango ditu gaztelaniazko filmak.

Entretenimendurako erabiltzen den euskara batuak ez du hartzaile gehienekin konektatzen. Baliteke behar besteko naturala ez izatea, eta horrek ere kontatzen ari den istorioan eragitea. Baliteke kaleko hizkuntzaren eta erabilienaren antza askorik ez izatea, eta horrek kontsumitzaileak uxatzea. Gazteen hizkuntza ohituretan izango balute ardatza, agian publiko zabalago batengana heltzeko aukera izango lukete.

Garbi dago euskara ikus-entzunezko produktuen beharrean dagoela. Bai heldu, bai nerabe eta baita etxeko txikienek ere euskarazko produktuak kontsumitzeko aukera izan beharko lukete. Argi dago, horretan lan egingo balitz, eta interes handiagoa azalduko balitz, hizkuntzaren mesederako izango litzatekeela. Bada, hori aurrera eraman dadin, Pantailak Euskaraz bezalako mugimenduak sortu dira, non haien helburua euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzea eta hedatzea, eta bikoizketa indartzea den.

Euskarazko ekoizpenen aldeko lanak hurrengo ikerketaren ondorioak eta emaitzak alda ditzake. Horretarako, haren aldeko apustua egitea beharrezkoa da, euskal herritarrek beren hizkuntzan kalitatezko edukiak kontsumitu ahal izateko.