Puntuka

Nahi eta ezin

Erabiltzailearen aurpegia Intza Trula 2023ko eka. 1a, 09:30
Etxebizitza batzuk, Azpeitian. (Aitziber Arzallus)

Intza Trulak Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urteak aurrera doazen moduan, gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunek gorako joeran jarraitzen dute etengabean. Gazteen Euskal Behatokiak 2022ko abenduan argitaratutako Etxebizitza Emantzipazioaren Kostua Euskadin ikerketaren arabera, Gipuzkoako gazteen soldatek %97,1 igo beharko lukete merkatu librean bizileku bat erosi ahal izateko (zertxobait gutxiago babestutako etxebizitzetarako). Horra hor gaur egun gazteek gurasoen etxetik alde egiteko ezintasunaren arrazoia; soldatak eta bizitokien kostuak, alegia. 

Gurasoen etxetik alde egitekoa gazte ororen bizitzako momentu garrantzitsua da, etapa berri baten hasiera dela esan dezakegu, baina azken bolada honetan etxe bat erosteko ahalmen hori pribilegio hutsa bihurtu da. 2021a izan zen azken hamarkadan etxebizitza gehien saldu diren urtea, baina horiek ez dira gazteen esku geratu, egoera eroso batean bizi diren familien eskuetan baizik. Nekez eros dezake gaur egun gazte batek etxebizitza bat, familiartekoen laguntzarekin ez bada behintzat. 

Bizileku bat eskuratzeko prozesuan sartzean, hau da, hipotekan sartzean, ez da hileko soldata garbiaren %30 baino gehiago bideratu behar hileko kuota hori ordaintzera, baina azken urteotako zifrekin urria da hori bete dezakeen gazte kopurua. Niri behintzat ez zaizkit kontuak ateratzen, eta datuek argi uzten dute kanpoko laguntza batekin ez bada, hori lortzea oso zaila dela. Horrez gainera, etxebizitza libre bat bereganatzeko bete beharreko irizpideak gero eta zorrotzagoak dira; antzinatasuna enpleguan, kontratu mugagabea, hipoteka hilero ordaintzeko ahalmena erakusten duten diru sarrerak, eta beste hainbat aspektu hartzen dira kontuan prozesu horretan. 

Etxebizitza libre bat erosteko ahalmenik ez duten herritarrentzat bideratzen dituzte babestutakoak, baina kasu horretan ere, beste arazo garbi batekin egiten du topo gazteriak; etxebizitza publikoaren eskaintzaren eskasiarekin. Lehenago aipatutako ikerketaren emaitzek mahaigaineratutako datuen arabera, bizileku libreen batez besteko prezioa 227.312 eurokoa da, eta pisu babestuena, aldiz, 162.783 eurokoa. Kontua da, ordea, ez dagoen lekutik ezin dela atera. Izan ere, 2021. urtean eskrituratutako etxeen %4,9 baino ez ziren babestutakoak izan. Beraz, etxebizitza babestu bat erosteko ahalmena izanda ere, ez dago horretarako ia aukerarik.

Aitzitik, bizitegi bat erosteko pribilegio hori ez duenak alokatzeko apustua egiten du askotan. Hala eta guztiz ere, alokairura joaten diren herritarrek konpainian egiten dute gehienetan; bikotekidearekin edo lagunen batekin. Izan ere, alokairuko prezioak baxuagoak izan arren, bakarrik emantzipatzeko garestia izaten jarraitzen du aukera horrek oraindik askorentzat. 

Azken urteetan etxebizitzen salmentek gora egin badute ere, argi dago hori ez dela izan gazteen emantzipazioaren edota jatorrizko etxea uztearen ondorioz. Azken urteetan saldu diren etxebizitza gehienak jadanik etxe bat jabetzan zuten eta pribilegio egoera batean bizi diren familien esku geratu dira. Hori gutxi ez, eta prezioek goraka jarraitzen dute merkatuan, eta ez dirudi babes ofizialeko bizilekuen eskaintzak gora egingo duenik. Beraz, ikusitakoak ikusita, etxetik alde egiteko asmoa duten gazteei, hor konpon!