Urte berrian aje zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2023ko urt. 12a, 10:00
Zarautzen Eguzki-Izar eremuko obretako irudi bat. (Argazkia: Aitziber Sarobe Egiguren)

Aitziber Sarobek Urola Kostako HITZAren Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau:

Gure herrian-bailaran indar biziarekin oldartu zaizkigu, itsas izkinatik mendi puntaraino, ingurune naturalari eta biodibertsitateari begira gabiltzanoi. "Desarrollismoak" beharrezkoak dituen azpiegitura handiekiko atxikipenarekin batera, biodibertsitatearen zaintzarekiko eta kontserbazioarekiko mespretxua dira bistan ditugun aje zaharrak, politika publikoetatik zikloz ziklo (legealdiz legealdi), gero eta larritasun handiagoko diskurtsoekin eta proposamenekin helarazten baitizkigute. 

Herritik hasita, Zarautz herriaren azken urteotako bilakaera bizi dugunon artean, gutxi izango dira eguneroko ibilbideak eta ibilerak aldatu ez dituztenak. Herri osoa, alderik alde, hankaz gora dago; iparretik hegora eta mendebaldetik ekialdera zabaltzen diren obrak daude nonahi, eta tamaina guztikoak. 

Hainbesterainokoa da bizi dugun asaldura, Marbellizazio hitza ere normalizatu dela gurean: batetik, herriaren erdigunean eraikitzen ari diren eta Donostia aldeko sarreran eraiki asmo dituzten etxe-blokeen dimentsioak, erabat hautsiko du herriaren paisaia/erliebe urbanoa. Bestetik, herria bitan banatzen duen trenbideari lotutako obrek oinezkoen eta bizikleta zaleon mugikortasuna guztiz kaltetu dute. Zer esan herrigunean eta naturgunean galtzen ari garen biodibertsitateaz (ezkiak, hezeguneak, erreka ertzak…).

Hori guztia ez da azken agintaldiko kapritxoa, edota azken hamarkadetako jaiotze tasek eragindako fenomenoa, hirigintza eredu baten ondorioa baizik. Ikusten ari garena indarrean dagoen hirigintza planean (ZHAPOan) jasotako ereduari erantzuten dion kudeaketa da: agintean dagoen alderdi politiko nagusiaren ordezkari batek esan zuen bezala, Zarauzko lautada osoaren bokazioa hirigintza (eta bereziki, etxegintza) dela uste dutelako. 

Ez dira geldituko Zarauzko lautada osoa hiri eremu bihurtu arte. Etxeak, lantokiak, saltokiak, azpiegiturak eta autoak. Zenbat eta handiagoak eta zenbat eta gehiago, hobe. Etengabeko hazkuntza, horrela ulertzen dute ekonomia eta hori dute helburu nagusia: jo eta ke, lurra zoru bihurtu arte!

Jakin badakite plan orokor hori zaharkitua dagoela; hainbesteraino, ezen berritzeak eskatuko lukeen ingurumen legedia kontuan hartuz gero, ezingo lituzketen baimendu egun egiten ari diren hainbat obra. Ihesa eta arduragabekeria dira aterabidea: plan berezien bidez onartu aurreikusi gabe zituzten edota eraldaketa-birdimentsionatzea eskatzen zituzten obrak, plan orokorra aldatu gabe. Ohiko "modus operandia" bihurtu da hori hiri antolamenduaren arloan.

Hirigintza eredu horrek, eta beraz, ZHAPOak, zarauztarren beharrei erantzutea zuen edo du helburu? Ez, ezta inondik inora ere, zarauztarren beharrei oso neurri txikian erantzuteko aitzakiarekin, eraikuntza, mugiezinen eta bestelako enpresen negozio biribila lehenesten da, lurzoruaren espekulazioren bide emanez. Aje zaharrak.
Hiri eremuan ikusten ari garena landa lurretara zabaltzeko intentzioa ez dute ezkutatzen. Azken hilabeteetan, harrabotsa eragiten ari dira Urola bailaran eraikitzea proposatutako haize erroten zentralak. Statkraft enpresak Arauntza mendirako proposatutako zentrala izan da hizpide nagusia, Oletakoarekin batera. Baina, berriki Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen EAEko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean (PTSan), Txatxarro-Indamendi ingurua ere zentrala jartzeko egokia dela jaso da. 

Ez da hemen bukatzen eromena, ez horixe! Hernio aldean, Errezilen, Komisolatza inguruan, beste zentral bat markatu dute mapan (Txorondegi-Indo-Mendibeltzen magalean) eta itziartarrak inbidiatan gelditu ez daitezen, Izarraitzen beste aldean, Deba-Mendaro-Azkoitiko lurretan beste bat, Otarre-Larraskanda inguruan.
Hitz gutxitan esanda: Hernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraitz legez izendatuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuen arteko korridore edo lotune guztietan proposatu dira babestutako eremu horien hedapenerako oztopatzaile ezin nabarmenagoak izango liratekeen proiektu industrialak. Mendien industrializazio intentsiboa: begiratzen dugun lekura begiratzen dugula, Eusko Jaurlaritzak eztabaidarako proposatu duen energia eolikoaren PTS hori gauzatzen bada, ez zaigu haize errotarik faltako Urola Kostako paisaian. 
Duela ia bi hamarkada Gazumerako proposatutako haize erroten zentralaren harira antolatutako Azpeitiko mahai inguruan, EEEko (EVE) ordezkaria izan zen Jose Ignacio Ormaetxek esan zuen euskaldunok gure mendietan haize errotak ikustera ohitu behar dugula, estetikoki ere edertu egingo lituzketelako gure mendiak. To ba, edertasuna gure mendietan. Harrapazank!