Eskualdeko hainbat sortzaileren gogoetak jaso ditu Lanarteak liburu batean

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2022ko abe. 9a, 08:13
Amagoia Gurrutxaga atzo Durangoko Azokan, Lanartearen erakusmahaian. (Lanartea)

Askotariko diziplinetan aritzen diren 50etik gora sortzailek parte hartu dute liburuan; haien gogoetak eta kezkak jaso ditu Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak. Tartean dira Ana Galarraga, Miel Anjel Elustondo, Gorka Arrese, Pako Aristi, Andoni Egaña, Anjel Lertxundi, Nerea Loiola, Aner Peritz, Juan Luis Zabala eta Jose Luis Otamendi. Lanaren hitzaurrea elkarteko koordinatzaile Amagoia Gurrutxagak idatzi du.

Laineza. Kultura haragi bizitan liburua kaleratu du Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak, kulturgintzan aritzen diren dozenaka sortzaileren gogoetak eta kezkak jasotzen dituen lana. Askotariko diziplinetan aritzen diren 50etik gora sortzailek parte hartu dute liburuan, eta tartean dira Urola Kostako hainbat herritar, hala nola Ana Galarraga, Miel Anjel Elustondo, Gorka Arrese, Pako Aristi, Andoni Egaña, Anjel Lertxundi, Nerea Loiola, Aner Peritz, Juan Luis Zabala eta Jose Luis Otamendi.

Lanartearen koordinatzaileak idatzi du, berriz, lanaren hitzaurrea, Amagoia Gurrutxaga azpeitiarrak, hain zuzen ere. Hala dio hark: "Liburu hau premia larri batek ekarri du mundura. Kultura euskaraz egitea eta kultura sortuz bizitzea laineza huts ez dela erakutsi beharrak". Haren arabera, euskalgintzaren eta kulturgintzaren azpian bizi diren sortzaileen berri ematea da elkartearen xedea, eta kulturaren egoera ikusaraztea ere bai.

Euskal Editoreen Elkartearen laguntzaz argitaratu du liburua Lanarteak, eta egunotan Durangoko Azokan izango da salgai, Lanartearen erakusmahaian. Honako lotura honetan irakur daiteke Berriak liburuaz argitaratutako albistea.