Bidasoa enpresako langileek greba egin dute gaur ere

Erabiltzailearen aurpegia

Soldatak igotzea, lanegunak gutxitzea eta egutegian aldaketaren bat bada hamar egun lehenago abisatzea eskatzen dute. "Konponbiderik ez badago", otsailaren 22an greba mugagabea hasiko dute.

Bidasoa enpresako langileak enpresaren aurrean bildu dira gaur eguerdian. (Ihintza Elustondo) Arroabeko Bidasoa inprimatzeko zentroko langileek greba egin dute gaur ere, "lan baldintza duinen alde". Enpresako langileak 13:00etan lantegiaren aurrean bildu dira, hitzarmen berri baten beharra adierazten zuen pankartaren atzean. Joan den otsailaren 8an eta 9an egin zituzten lehen lanuzteak, eta gaur eta bihar ere greban izango dira. "Konponbiderik ez badago", otsailaren 22an greba mugagabea hasiko dute. 22 langile ditu enpresak, eta guztiek egin dute bat lanuztearekin. Langileek enpresan dituzten baldintzak zein diren azaldu dute: "Urteko 362 egunetan lan egiten dugu; jaiegunetan, errelebozka, gauez, zazpi egunez jarraian...". Horrez gain, salatu dute enpresak beraien egutegia aldatzeko "ahalmen guztia" duela. "Aldaketa horiek 24 ordu lehenago abisatuta eginez gero, langileok behartuta gaude lanera joatera. Hau da, enpresak langileekiko malgutasun osoa dauka. Langileok ezin ditugu gure lana eta bizitza pertsonala uztartu; horrek esan nahi du langileok lanerako bakarrik bizi garela". Horren aurrean, eskatu dute egutegian aldaketaren bat egin behar badute, hamar egun lehenago horren berri ematea, eta hala ez bada, langilea ez behartuta egotea lanera joatera. Grebarako beste "arrazoi garrantzitsu" bat ere badela nabarmendu dute: urteko lanegunak gutxitzea. "Gaur egun, 1.620 ordu ematen ditugu lanean 225 egunetan, eta gure proposamena da lanegun horiek 216ra jaistea, betiere lanordu kopuru bera mantenduta eta egunkariaren kaleratzea bermatuta". Soldatak igotzeko eskaria ere egin dute Bidasoako langileek: "Azken bost urteetan Bidasoako langileok soldata izoztuta eduki dugu, eta, hala, erosteko ahalmena galdu dugu. Bidasoako langileen batez besteko soldatak 1.200 eurokoak direla kontuan izanda, ez zaigu beste mundukoa iruditzen KPIa gehi 40 euro eskatzea. Azkeneko bost urteak kontuan hartuta, urteko 12 euroko igoera izango litzateke eskatzen duguna".