Nora Alberdi: "Googleko iruditegian agertuko ez diren argazkiak egin nahi ditut"

Erabiltzailearen aurpegia

Argazkilari azpeitiarrak bere lehen erakusketa zabaldu du Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Askotariko uneak izozten dituzten hamabost argazki bildu ditu bertan.

Nora Alberdi, erakusketan. (Maialen Etxaniz) Umea zela, liburu batean idatzi zuen handitan argazkilaria izan nahi zuela. Orain, orduan baino handiagoa da Nora Alberdi (Azpeitia, 1997), eta haurtzaroko amets hura ez du hain urruti: Batxilergoan erosi zuen argazki kamera hartuta, hainbat eta hainbat momentu izozten dihardu. Are gehiago: azken lau urteotan egindako milaka eta milaka irudietatik hamabost aukeratu eta erakusketa zabaldu du Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Asteartera arte dago zabalik. Askotariko argazkiak bildu dituzu erakusketan. Ba al dute loturarik beraien artean? Kamera berarekin ateratako argazkiak dira, baina ez dute bestelako harremanik: bat Kopenhagen atera nuen, beste bat Porton [Portugal], beste batzuk Oñatz aldean eta Zumaian, amonaren ganbaratik ateratakoak dira bi... Denetarik dago. Zerk deitzen du zure arreta argazkiak ateratzerakoan? Ez dakit. Naturak betitik, asko. Eta pertsonek ere bai, gero eta gehiago. Behatzea asko gustatzen zaidanez, edozer huskeriari begira geldi naiteke, eta horri ahal dudan argazkirik politena ateratzen saiatu. Nik beti gauza bera esaten dut: Googleko iruditegian agertuko ez diren argazkiak egin nahi ditut. Amak esaten baldin badit monumentu bati argazkia ateratzeko, nik ezetz esaten diot, argazki hori Googlen badagoelako. Gehiago gustatzen zait gizarteari ateratzea argazkiak. Niri berezia iruditzen zaidan horren bila aritzen naiz. Zer izan behar du argazki batek ona izateko? Zaila da hori azaltzea. Argazkilaria bera gustura gelditzen denean, edo ikusten duenean egindako argazkia polita dela, hor dago argazki on bat. Oso kontu pertsonala dela iruditzen zait, oso subjektiboa. Batzuentzako bat izango da argazki ona, eta beste batzuentzako ez. Nire kasuan, duela lau urte egin nituen argazkiak ikusten ditut, eta iruditzen zait ez zeukatela ezer berezirik. Eta orain, pixkanaka, gero eta bereziagoak edo landuagoak ateratzen ditudala uste dut. Baina dena pertsonala da; batzuek esango dute ez daukatela ezer nire argazkiek, eta niretzat badute zerbait. Erreferenterik ba al duzu? Argazkilari euskaldun batzuk jarraitzen ditut; horietako bat Ekaitz Zilarmendi da. Haren argazkiak dezente gustatzen zaizkit, hark ere ez dituelako oso ohiko argazkiak ateratzen, edo saiatzen delako beste ikuspuntu bat bilatzen. Nondik datorkizu argazkigintzarako afizioa? Txikitan beti esaten nuen argazkilaria izan nahi nuela, baina 18 urte egin arte ez nuen eduki argazki kamerarik. Batxilergoa bukatzen ari nintzela eskuratu nuen, eta kamera horrekin hasi nintzen pixkanaka argazkigintzan sakontzen. Gainera, betidanik esan izan didate oso behatzailea naizela; ez naiz oso hiztuna, baina ingurura begiratzea gustatzen zait. Eta uste dut behatze horretatik datorrela, batez ere, nire afizioa. Zer nolako trebakuntza jaso duzu? Ikus-entzunezko Komunikazioa ari naiz ikasten, baina ez dugu argazkilaritza landu unibertsitatean. Beraz, ni joan naiz neure kasa pixkanaka ikasten. Ikastaro bat ere egin nuen, baina gauza teknikoak landu nituen, batez ere. Uste dut, ordea, argazkiak ateratzen ikasteko, kamera bat hartu eta zuri interes gehien pizten dizun horren bila joan behar zarela. Probak eginez ikasten da. Erakusketaz gain, beste proiekturik ba al duzu esku artean? Denetarik ari naiz probatzen, gero zertan sakondu nahi dudan ikusteko. Korosagasti filmeko lantaldeko kide naiz, eta Kuraiosa dokumentala egiten ere ari naiz. Konturatu naiz dokumentalek gehiago erakartzen nautela fikziozko filmek baino. Izan ere, Kuraiosak aukera ematen dit nik nahi ditudan gaiak lantzeko; feminismoa da filmaren oinarri, eta emakume batzuk elkarrizketatuko ditut, ni asetzeko edo nik zerbait jaso nahi dudalako beraiengandik. Argazkilaria izatea al da zure ametsa? Baietz esan daiteke. Gidabaimenik ez dut oraindik, eta asteburuetan eta, libre nagoenean, amarekin joaten naiz Oñatz aldera, Zumaiara... Halakoetan, kamera hartu eta pila bat gustatzen zait begira egotea. Egun osoa pasatuko nuke argazki batzuk ateratzeko. Ez al zaizu gustatzen presaka ibiltzea? Ez. Jendeak esaten dit unibertsitatea lasaiago hartzeko, gauzak perfekziora eramaten ditudalako, edo behintzat, horretan saiatzen naizelako. Perfekzioa lortu nahi horretan estresatu egiten naiz, baina bestela, lasaia naiz eguneroko bizitzan. Gaur egun bizi garen erritmoan, jende askok ez du pasatuko zuk adina denbora argazki bat ateratzeko. Hori da argazkilaritzatik gustatzen zaidana. Une bati argazkia ateratzen diozu, eta betirako gelditzen da hori. Eta pertsona batek argazki hori ikustean, aukera du minutu edo segundo batzuez bizitzako momentu bati erreparatzeko. Bizitza errealean ez dugu egiten hori. Esan izan didate: "Ni begira jarri ez naizen gauzei aterazten diezu argazkia; aukera ematen didazu nik arretarik jarriko ez niekeen gauzei erreparatzeko". Hori egiten zait berezia. Gainera, pertsona bakoitzak interpretazio ezberdina egiten du argazki beraren gainean, eta hori bakoitzaren izatearekin lotu daiteke. Hori ere gustatzen zait.

Motzean

Amets bat? Argazkilaria izatea. Zerk beldurtzen zaitu? Ikusmena galtzeak. Film bat? La vie d'Adele. Argazki bat? Erakusketa honetako edozein eta gordeta ditudan hainbat. Zerk pozten dizu eguna? Bide bat egiten ari naizela ikusteak. Nori aterako zenioke argazki bat? Azpeitiko jendeari.
Kulturazek,UROLA KOSTAKO HITZAk eta Uztarriak Mikrouhinak bideo sortarako grabatutako bideo honetan ere jasota daude Alberdiren hitzak: https://www.youtube.com/watch?v=4rbUiH4CfOo