Orioko Olidenek irabazi du Azkoitiko X. Diva Idi Dema Saria

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko abu. 22a, 08:52
Lau eguneko lehiaren ostean, atzo, asteartea, bukatu zen Azkoitiko X. Diva Idi Dema Saria. Gurea pilotalekuan izan dira lehiako idi dema saioak, eta, guztira, 13 idi parek parte hartu dute bertan. 1.850 kiloko Diva harriarekin egin dituzte demak. Lehen egunean lehiatu zen Orioko Olidenek irabazi ditu sariketako mantak, egun hartan parte hartu zuen Laukizko Garagartzari plaza bateko aldea aterata; izan ere, Olidenen idiek 46 plaza egin zituzten, eta Garagartzakoek 45. Hirugarren Aiako P. Arzadunek egin zuen; hura ere lehen egunean lehiatu zen, eta bigarrenarekin berdindu zen, 45 plaza eginda. Olidenez gain, eskualdeko beste parte-hartzaile bat ere izan zen lehian: Errezilgo Txokolate. Dena den, txapelketan parte hartu behar zuen idi parea gaixotu egin zirelako lehiatik kanpo gelditu zen. Lan polita egin dute parte-hartzaileek txapelketan, baina atzo gauean probalekua egoera zailagoan zegoen, hezetasuna zela-eta.
Honako hau da sailkapen osoa:
  1. Oliden, Orio (46 plaza)
  2. Garagartza, Laukiz (45 plaza)
  3. P. Arzadun, Aia (45 plaza)
  4. Olatzar, Lezo (40 plaza)
  5. Kamiñoko, Murueta (39 plaza)
  6. Telleria, Lasarte (38 plaza)
  7. Patxi Illarreta, Errenteria (38 plaza)
  8. Zornotza Anaiak, Zalla (38 plaza)
  9. Iñaki Lopategi, Birle (32 plaza)
  10. Korta, Gabiria (30 plaza)
  11. Mendigoiti, Eibar (24 plaza)
  12. Usaizti, Berriatua (22 plaza)