Imanol Larrañagak bizikletarekin munduan zehar bizi izandako abentura kontatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2019ko urt. 7a, 12:27

Ostiralean, urtarrilak 11, izango da solasaldia, Azkoitiko Kultur Etxean, 19:30ean hasita.

Imanol Larrañaga, bidaiako une batean. (I.L.) Imanol Larrañagak (Azkoitia, 1985) Asia bizikletan hitzaldia eskainiko du, Azkoitiko 18. Bidaia Tertulien barruan. Azkoitiarrak iaz bizikletarekin munduan zehar bizi izandako abentura kontatuko du saioan. Uztailaren hasieran abiatu zen Tailandiatik; Tailandia, Myanmar, Txina, Laos, Mongolia, Errusiaren zati bat, Kazakhstan, Arabiar Emirerri Batuak eta Iran zeharkatu zituen Larrañagak, eta Irandik Madrilera hegazkin bat hartu ostean, bizikletaz itzuli zen sorterrira, Azkoitira. Bidaia horretan zela, UROLA KOSTAKO HITZAk elkarrizketa egin zion azkoitiarrari, eta besteak beste, zera azaldu zuen: "Bidaia nire ustez gogorra da: bakarrik egotea, esfortzu fisiko handia, ahal den bezala elikatu beharra… Baina gogorrena da zure buruarekin bakarrik egotea, pentsatzeko denbora asko izatea. Hasierako bizpahiru hilabete gogorrak egin zitzaizkidan, pare bat aldiz bururatu zitzaidan bidaia uztea. Hori bai, behin ja buelta emandakoan, zoragarri joan da dena. Orain ja pozten naiz erretiratu ez izanaz. Helburuetako bat hori zen: 'Bakarrik egoten ikastea, eta, zorionez, lortu dut'". Ostiralean, urtarrilak 11, izango da solasaldia, Azkoitiko Kultur Etxean, 19:30ean hasita.