Azkoitiko EH Bilduk salatu du "hauteskunde interesekin" jokatu duela Udal Gobernuak Floreagako irisgarritasunaren aferan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko abu. 3a, 11:19
Floreaga auzoko aldapak. (Ihintza Elustondo) Azkoitiko Floreaga auzoko bizilagunak aspalditik ari dira irisgarritasuna bermatzea eskatzen, eta horren harira, 720 sinadura bildu zituzten. Duela gutxi jakinarazi du Azkoitiko Udalak irisgarritasuna bermatzeko dauden aukerak aztertuko dituela. Orain, Azkoitiko EH Bilduk gai horren harira idatzi bat kaleratu du. Hona hemen gutuna: "Azken asteetan, azkoitiarrok jakin dugunez, Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko aukeren azterketa abiatu du udalak, lanketa hau LKS enpresari esleituz. Baina, lehenik, auzo honen egoera nola dagoen ikusteko hainbat kontu gogoratzea derrigorrezkoa dela iruditzen zaigu:
  1. 2015 urteko aurrekontua aho batez onartua izan zen Azkoitiko Udalbatzan. EH Bildu zegoen orduan gobernatzen, eta udaleko talde guztiekin negoziaketetan aritu ondoren, ordezkari guztien onespena (tartean EAJko udal taldearena) lortu zen eta aurrekontuak aurrera atera ziren. Aipatutako aurrekontuan aurreikusita eta onartuta zegoen inbertsiorik handiena Floreaga auzoan igogailu bat jartzera bideratzea. Hau da, 500.000 euroko diru partida gastatzea hango bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Igogailuak meskita ondotik auzoaren goialderaino garraiatuko zituen bizilagunak.
  2. 2015ean EAJk hauteskundeak irabazi zituen Azkoitian, eta, ondorioz, 2015eko ekainean gobernatzen hasi zen gehiengo absolutuarekin. Urte horretako uztailean proiektuaren esleipena Fiark arquitectosi eman ziola argitaratu zuen udal gobernu berriak. Ordutik aurrera ez dugu gehiago jakin Floreagan igogailua jartzeari buruz. Dirudienez, proiektu hori lurperatu egin dute eta ez dute beste proiektu alternatiborik landu.
  3. 2015ean igogailua jarrita egon behar zuela eta hiru urte pasatu ondoren egoerak ez duela aurrera egin ikusita, 2017ko irailean Floreagako bizilagunek arazoa konpontzeko eta gizarteratzeko asmotan, batzorde bat osatu zuten. Batzordeko kideek udaleko alderdi guztiei Floreagako irisgarritasun kaskarraren inguruan kontzientziatzea eta gaiari lehentasuna ematea eskatu zieten. Arazoari konponbidea emateko, behar diren elementu mekanikoak ezartzea eskatu zuten: arranpak, igogailuakā€¦ Beren asmoa indartzeko sinadura bilketa ere egin zuten auzoan; guztira, 720 sinadura aurkeztu zituzten udaletxean, 16 urtetik gorako bizilagunen % 83renak.Gaia nola kudeatu duten, ikusita guk ere gure haserrea azaldu nahi diogu Udal Gobernuari; beste gaiĀ  batzuekin egin duten bezala, ez dituzte aintzakotzat hartu herritarren interesak. Orain berriro Floreagako bizilagunekin kezkatuta dauden itxura egin nahi dute. Guk, ordea, hauteskundeak gerturatzen ari direla eta Floreagan igogailuarekin sortu den egonezina antzemanda, hauteskunde interesekin dabiltzan usaina hartzen diogu EAJk egin berri duen mugimendu honi. Batez ere, orain arte igogailuari buruz galdetu denean, beharrik ez dagoela erantzun dutelako. Floreagako auzotarren bizi kalitatea jokoan dagoela benetan aintzat hartuta, arduraz jokatzeko eta behingoz Floreaga auzoko arazoari konponbidea ematen hasteko exijitzen diegu Azkoitiko gobernatzaileei. Horretarako, eta benetako interesa badute, proiektua egina dago. Beraz irisgarritasun arazoari irtenbidea emateko lehen pausoa oso epe motzean eman daiteke, obra egiteko esleipena ateratzea besterik ez da falta. Baina Udalgobernu honen esku dago benetan erakustea Floreagako bizilagunekiko interesa duten edo itxurakeri hutsa den hauteskunde atarian. Orain zuei dagokizue pausoak ematea".