Boterea

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2022ko aza. 24a, 17:45
Txirrita bertsolariaren irudi bat. (Hitza)

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako HITZAren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Gauza xelebrea da boterearena: denok dakigu, gutxi gorabehera, zer den, baina zaila zaigu definitzen. Badakigu agintearekin eta autoritatearekin duela zerikusia, baina badakigu, baita ere, ez dela, halabeharrez, indarrarekin edo indar mehatxuarekin ezinbestean lotutakoa. Badira beste era eta modu bateko botereak ere: diruarena, kontrol soziala eskuetan dutenek erabilitakoa, aginte moralak ezartzen duena, ospe edo izena dutenen berezkoa… 

Garai batean hitza eta arrazoiketa, programa eta ideologia ziren boterearen lan-tresna ezinbestekoak. Garai haietako politikariek hitza eta erretorika zituzten erabiltzen boterea eskuratzeko, erabiltzeko eta mantentzeko. Gaur egun hitzak eta pertsonaren izaerak galdu dute lehengo distira, eta garrantzi handiagoa hartu dute hedabideen eta sare sozialen zurrumurruek. 

Irakurri berria dut TikTok dela sare sozial erabiliena, eta, bide batez, informazio- (edo desinformazio-) masa handiena sortzen duena. Hor aritzen dira gure gazteak, 16 eta 24 urte artekoak baitira TikTok sareaz baliatzen direnen gehiengoa; maiz, are gazteagoak. 

Esan genezake TikTok horrek duela gaurko boterearen aurpegi berria? Garatu ote dute erabiltzaile gazte horiek behar adinako zentzu kritikorik sare horretan dabilen edukia behar bezala kontrolatu eta kudeatzeko? Erantzuna ezezkoa izango ote den beldur naiz.

Horretaraino gaurko sermoia. Orain, boterea hitz hutsez nola erabil daitekeen erakusten duen pasadizo bat, joandako garai zaharretako hitzaren boterea nolakoa izan zitekeen argitzeko. 

Gure Txirrita ez zen bakarrik bertsolari ospetsua izan; beste zenbaitekin gertatu bezala, Txirrita kondairen munduan sartu zen, zen bezalako izanik jasotako entzute, fama eta itzalagatik. Kontatzen da behin batean bazela Hernanin ospe iluna zuen pertsona bat, Diostegi ezizenez ezagutzen zena. Egun batean, Txirrita Fagollagako tabernan zegoen, eta norbaitek bertsolariari kontatu zion gizon horrek, Diostegi horrek, egindako azioa urte batzuk lehenago. Istorio hura entzun eta gero, jakinez egunero ordu inguru horretan taberna horretara joan ohi zela, Txirritak esan omen zuen:

–Batere bihotzik badu, jarriko diat nik hori dioska eta marruz, negarrez ez bada.
–Nahiko lan –esan zioten–; harria baino gogorragoa jarria zegok hori.
Sartu zen Diostegi tabernan, eta Txirritak, bat batean:

Larogei urte pasatu ditu 
dirudiyela etsaya,
orain bi ankak arrastaka ta 
burua soiltzen asiya; 
gizarajuak badu beregan 
makiña bat desgraziya, 
ez dago garai batian bezin 
arrua eta lasaya,
beste munduan ikusiko du 
emen il zuen artzaya.

Kulparik gabe bota zenion
fusillako kargazoia,
gizon gaxuak aserretzia
ez al zuen arrazoia? 
Diabru zarrak aditzen dute 
zure animan usaia, 
eriotzaren etor-bildurrak 
estututzen du lasaia, 
zu baño gizon formalago zan 
zuk il zenduen artzaia.

Aipatzen den hildako artzain hori Joxeinaxio Etxeberria omen zen, Amezketakoa, urtero artaldearekin Aralartik Hernaniko Santa Barbara mendira negua pasatzera etortzen zena. Halaxe egin zuen 1885. urtean ere. 
Karlistadak amaituta ziren ordurako, eta mendi gaineko gotorlekuan soldadu bi besterik ez zeuden hura zaintzen. Artzaina eta soldaduak ondo konpondu omen ziren oso, artaldetik ardiren bat desagertu zen arte. 

Artzainari esan zioten soldaduren bat ikusi zutela ardiaren hesteak sasi artean gordetzen edo, eta artzaina kontuak hartzera joan zitzaien, gizon armatuari haserre kontuak eskatzera joatea zein arriskutsua izan daitekeen gogoan hartu gabe. 

Artzaina tiroz hilik agertu zen urte malapartatu hartako azaroaren seian. Geroztik zurrumurru ugari izan ziren, baina Diostegi aipatzen zuten tiro egin zuen hiltzailetzat. 

Txirritaren bi bertsoek sekulako ondoeza sortu omen zioten soldadu izandako Diostegiri; kondairak dio handik gutxira hil zela. Bertsoaren boterea ez da gutxiestekoa!