PUNTUKA

Jakin-mina

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2023ko urt. 19a, 11:00
Agotak. (J.M. Olaizola 'Txiliku').

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Euskaraz esanahi zabalekoa da min hitza: oinazea adierazten du, alde batetik, gorputzean jartzen zaigun sentipen nekagarri hori, eta, beste batetik, adjektibo gisa ere erabiltzen dugu jakiek ahoan sortzen duten halako sentsazio bero edo erredurazkoa adierazteko. Egia da azken aldian jendeak pikante deitzeko ohitura txarra hartu duela, baina minak dira (eta ez pikanteak) era horretako jakiak, pipermina adibide. Kontuak bihurriagoak egiten dira "min" hori hitzaren amaierakoa edota beste hitz bati lotuta datorrenean: samina da atsekabea edo mina sortzen duena, sumina haserre errazekoa edo haserre bizikoa dena, karmina garratza dena. Nostalgiari edo urrutitasunak sortutako goibeltasunari lotuak dira, bestalde, oroimina eta herrimina; eta indar bereziko loturak adierazten dituzte adiskide min edo lagun min bikoteek. Azkenik, zerbait jakiteko gogo biziari itsatsita dator jakin-min hitza. 

Jakin-minak asko zor dio memoriari, beharrezkoa du. Izan ere, nola elikatzen dugu gure jakin-mina? Ikasitako gauza berriak memorian gordez, eta kontu are berriagoak biltzeko irrika piztuz. Horixe gure jakin-minaren oinarria eta funtzionatzeko era. Etsenplu baten bidez argitu nahiko nuke jakin-minaren kontu hori, garai bateko sermoilariek egin ohi zuten moduan.

Joan zen mendearen hirurogeiko urte horietan gaur ez bezalako izaerakoa zen Zarauzko Salbide auzoa: nekazari kutsu handikoa, periferikoa, herrigunetik apartekoa. Trenbide azpiko zubitik albo batera, Lanpardoren magalean, hedatzen zen bailara txikia edozein landa-leku idiliko adinakoa zen. Inguru hartara agertzen ziren lapiko-konpontzaileak, azienden ile-moztaileak, ijitano alderraiak eta mundu zahar bati buruz paperetan irakurritako kontuetan bakarrik ohikoak diren beste zenbait pertsonaia. Haiek denak desagertu dira gaur egun, eta gure memorian bakarrik dute izaera eta bizitza.

Pertsonaia horietatik misterio handiena eragiten zidatenak familia bitxi batekoak ziren: bi gizon gazte eta haien ama zaharkitua. Mutilak argalak eta luxeak ziren, ile argikoak, eta txapel txiki bana zeramaten ia beti soinean, alde batera okertuta. Oinez etortzen ziren trenbidetik eguerdi partean, eta amak prestatutako bazkaria jaten zuten aire zabalean. Trenbide azpiko zubiaren inguruan prestatzen zuen hark otordua, hiru hurritz-makilarekin-edo osatutako halako tripode batetik zintzilika zegoen pertza koxkor batean, eta ingurutik bildutako egurrekin sua eginez, nik uste. Ez zen emakume hiztuna. Behin baino gehiagotan topo egitea egokitu bazitzaigun ere, nik ez dut gogoratzen hark esandako hitzik. Agian, isil egotea hobea zela pentsatuko zuen nire izu- eta lotsa-aurpegia ikusita. Ez dakit. Misterioz inguratutako pertsona izan zen beti niretzat.

Aditu izan dut familia hark bazuela etxebizitza, hor Iñurritza alde horretan edo, baina sarritan ikusten genituen  beste hor nonbait lan egiten zuten bi semeak trenbidean bide eginez amarekin penditz-ondo batean bazkaltzera etortzen. 

Aste honetan bertan zientziaren zabalkunderako (omen den) aldizkari batean ikusi berri dut nire memoriak gordean zuen hiru makilez osatutako tripode hura (antzekoa, esan beharko nuke), eta handik esekita pertza jakiak prestatzeko. Artikuluan Euskal Herriko agotak aipatzen ziren, eta horrek ireki dizkit begiak, eta jakin-mina piztu. Baina ez edonola, ezagutzeko eta jakiteko irrika bizia sortu dit, irrika mina.

Agote familia ote zen nik ezagututako hura? Aditu izan dut euskaraz bazekitela. Ez dakit hala izango zen. Aditu izan dut nafarrak zirela. Ez dakit hori ere hala izango zen. 

Hor goian ageri den argazki horrek ditu kulpa guztiak, irudi horrek ekarri dit memoriaren bazter zokoenetik oroitzapen zaharra, eta jakin nahi dut. Izango ote dut jakin-min hori asetzeko aukerarik? Ba ote dago familia horren oroitzapena gordetzen duen memoriarik? Jakin nahiko nuke. Horrelakoxea da jakin-mina!