Legea bete eta Gregorio Escudero presoaren eskubideak errespetatu daitezela eskatu dute

Aiora Larrañaga 2022ko aza. 6a, 12:11

Orioko presoen eskubideen aldeko mugimenduak Dispertsioff Eguna antolatu du azaroaren 19rako, Escuderok eta beste hainbat presok bizi duten dispertsio egoera salatu eta horien eskubideak aldarrikatzeko.

Orioko presoen eskubideen aldeko mugimenduak agerraldia egin zuen ostiral arratsaldean Gregorio Escudero preso oriotarraren egoera salatzeko. Escuderok datorren otsailean 21 urte beteko ditu preso, eta zigor osoa betetzeko bederatzi urte falta zaizkio, haren herrikideek azaldu zutenez. "Espetxeetako legedi arrunta ezarri ordez, beste hainbat euskalduni bezala salbuespen legedia ezarri zaio, 2002an atxilotu zutenetik. Gregoriok 21 urte pasatu ditu lehen graduan, progresiorako inolako aukerarik gabe, eta hasieratik ezeztatu zizkioten edozein euskal presori bezala dagozkion oinarrizko eskubideak", adierazi zuten. Escudero betetzen ari den 30 urteko zigorraz gain, egoera gogortzen duten "interesak" daudela ere azpimarratu zuen presoen eskubideen aldeko mugimenduak: "Gregoriok 30 urteko gehienezko zigorra dauka. Hortik aurrerako guztia, ordainarazi dizkioten interesak dira: urrunketa, komunikazioen murrizketa eta interbentzioa, isolamendu urteak eta gradu progresiorako aukerak blokeatzea".

Aitortu zuten azken bi urteetan euskal presoen egoerak hobera egin duela, baina salatu zuten, oraindik ere, "iraganeko garaietan ainguratutako indarrek aurrerapauso txikiak saboteatzen" jarraitzen dutela. "Hortxe daukate kateatuta Gregorio. Orain bigarren graduan dago: lehen baino jarduera eta patio ordu gehiago ditu, baina erabaki politikoengatik jarraitzen du egoera horretan", argi utzi nahi izan zuten. Izan ere, 2002an atxilotuta, 2010ean zigorraren laurdena beteta zuenez, "irteera baimenak eduki zitzakeela" azaldu zuten; "aspaldidanik hirugarreb graduan egon zitekeen eta hemendik gutxira baldintzapean aske". Horren ordez, Palentziako Dueñas kartzelan dagoela salatu zuten, etxetik 310 kilometrotara eta bigarren graduan. "Aurretik, Teijeiro kartzelan egon zen eta Galiziako azken euskal presoa izan zen; Dueñasen ere bide bera darama, bi bakarrik geratzen baitira".

Horregatik, legea betetzeko, Escuderoren eskubideak errespetatzeko eta haren inguruko erabakiak irizpide tekniko-penitentziarioen arabera hartzeko eskatu zuten agerraldian. "Orion indarkeriek eragindako biktimen eta euren senide guzti-guztien sufrimenduarekiko errespetu osoz, legea betetzea eskatzen dugu gure herrikide Gregoriorentzat". Gainera, gatazka gainditzeko eta bizikidetzaren alde presoek emandako urratsak aitortu daitezela ere aldarrikatu zuten.

Dispertsioff

Gregorio Escuderok eta beste hainbat presok bizi duten dispertsio egoera salatu eta presoen eskubideak aldarrikatzeko, Dispertsioff Eguna antolatu dute azaroaren 19rako, Orion. Eguerdian, 13:00etan hasita, txaranga poteoa egingo dute; ondoren, herri bazkaria izango da Etxeluze gaztetxean, eta parranda 22:00ak arte luzatzea da asmoa. Herri bazkarirako sarrerak salgai jarriko dituzte astelehenetik aurrera, Gabonen eta Antillan.

Bestalde, Orioko Udalak antolatuta, azaroaren 8an, kultur etxean eskainiko den Lander Garroren Tipularen sehaska kanta filma ikusteko gonbita ere luzatu zuen Orioko presoen eskubideen aldeko mugimenduak: "Espetxeak suposatzen duen samina azalera ekarri nahi du pelikulak".