Urrezko festak Ortzaikan

Aiora LarraƱaga 2022ko aza. 10a, 10:46

Urteurren borobila ospatuko dute aurten Ortzaikan, eta 50 urteotan auzoko jaiek izan duten bilakaera ezagutzeko, Ortzaikako bizilagun eta Mutil Ardoko kide Koro Ikutzak garai zaharrak ekarri ditu gogora.

Duela mende erdi hasi ziren San Martin jaiak ospatzen Orioko Ortzaika auzoan. Aurretik, Lizargarate baserrian biltzen ziren bailarako auzotarrak, baina 1972an baserria autobidea egiteko bota zutenean, Ortzaikan ospatzera igaro ziren. "Bailarako adinekoek oso gogoan dute Lizargarate baserria, bilgune garrantzitsua zelako beraientzat. Esaten dute xarma handiko tokia zela eta jendetza biltzen zela bertan. Baserria bota zutenean, ordea, samartinak ospatzeko leku baten bila hasi ziren, eta ordurako, Oliden taberna zabalik zegoenez, Ortzaikan ospatzea erabaki zuten", azaldu du Koro Ikutza Ortzaikako auzotarrak.

Haurra zen samartinak auzoan ospatzen hasi zirenean, baina gogoan du 14 urte zituenean atera zirela lehen aldiz auzoko emakumeak oilasko biltzera. "Ordura arte mutilak bakarrik irteten ziren, eta emozioz beteta eta pozik atera ginen neskak lehen aldiz. Orain herriko baserri gehienak hutsik daude, baina lehen baserriz baserri joaten ginen, eta zain izaten genituen bertakoak. Egun garrantzitsua izaten zen. Izan ere, orain xelebrekeriak edozein unetan ikus daitezke, baina garai hartan urtean behin bakarrik izaten ziren, festetan".

Oinez joaten ziren bailarako gazteak baserriz baserri, trikitilari eta guzti. "Festak ordaintzeko dirua biltzea izaten zen helburua. Baserri bakoitzean dantza saioa egiten genuen, eta etxekoak ere gonbidatzen genituen festara. Ohitura zaharra da: San Joan eskean bertsoak kantatzen dira eta oilasko biltzean dantza egiten da". Gainontzean, orain bezala, herri kirolak, bertsolariak, erromeria eta kontzertuak izaten ziren garai zaharretan ere Ortzaikan. Samartinak festa ezagunak izan dira inguruan, eta Oriotik, Aiatik eta beste herri eta auzoetatik jende asko joaten zela gogoan du Ikutzak. "Orain, berriz, festa asko antolatzen dira, eta ez da horrenbeste jende biltzen".

Mutil Ardo
Mutil Ardoko kideek antolatu izan dituzte beti San Martin jaiak Ortzaikan, eta Koro Ikutza taldeko kidea da gaztea zenetik. "Gaztea nintzeneko oroitzapen onak ditut. Ez genuen karparik jartzen, baina beti eguraldi txarra egiten zuenez, toldoak-eta jartzen ibiltzen ginen, eguraldiari aurre egin nahian. Hala ere, oso ondo pasatzen genuen". Aitortu du, garai batean, ezkondutakoan utzi egiten zela taldea, baina ezkondu eta erretiratzeko garaia iritsi zitzaienean, lekukoa hartuko zuenik ez zegoenez, jarraitu egin zuten. "Asko maite ditugu auzoko festak, eta saiatu naiz seme-alabei ere hori transmititzen". Ikutzak, esaterako, beti jai egin izan du San Martin egunean, eta seme-alabak txikiak zirenean ez zituen eskolara eramaten egun horretan. "Nagusiagotan azterketak izaten zituztelako joan egin behar izaten zuten, baina heldutan saiatzen dira jai hartzen eta etxeko ohiturei eusten".