Orioko Ortzaika auzoan bada sasoia

Aiora LarraƱaga 2022ko aza. 12a, 13:36

Atzo iluntzean, bailarako gazteen herri-kirol desafioa egin zuten Ortzaikan. Ikuskizun bikaina eman zuten, eta sasoi betean daudela erakutsi zuten neskek zein mutilek.

Aurten mende erdi bete dituzte Ortzaikako samartinek, eta argazki zaharrei begira jarriz gero, begiratu azkar batean, desberdintasun ugari ikusten badira ere, bada gainontzekoen gainetik nabarmentzen denik. Garai batean, herri-kirol jaialdietan kirolari guztiak gizonak izaten ziren. Egun ordea, guztiz desberdina da giroa. Atzo egin zen, San Martin egunean, bailarako gazteen arteko herri-kirol desafioa, betiko umore eta jai giroan, eta neskak eta mutilak atera ziren plazara. Parte hartzaileak aritu ziren trontzan, harri-jasotzen, aizkoran, ingudea jasotzen, txingetan, lokotx biltzen... Ikuskizun bikaina eman zuten, eta sasoi betean daudela erakutsi zuten guztiek. Harrotasunez beterik jarraitu zuten desafioa auzoko helduek eta adinekoek, eta gazteek erakutsitako grina eta indarra txalotu zituzten. Ez da kasualitatea, ordea, samartinetan maila horretako herri-kirol desafioa izatea, San Martin bailara eta Ortzaika auzoa historikoki kirolari bikainen sehaska izateaz gain, emakumeen herri-kiroletan iraultza bultzatu zuten lehen urratsen lekuko izan direlako.