Dagoeneko eman daiteke izena sanikolasetako 3x3 Saskibaloi Festa Solidarioan

Andrea Zipitria 2023ko aza. 27a, 13:00

Abenduaren 8an izango da saskibaloi festa, 09:00etatik aurrera, Karela kiroldegian. LH3tik DBH4ra arteko neska-mutilek hartu ahal izango dute parte. Jokalari bakoitzak txapelketan parte hartu ahal izateko, borondatezko ekarpen ekonomikoa egin beharko du, egingo den janari bilketarako zerbait ekartzeko konpromisoa hartzeaz gainera. 

San Nikolas jaietarako 3x3 Saskibaloi Festa Solidarioa antolatu dute Zast saskibaloi taldeak eta Orioko Herri Ikastolak, Orioko Udalaren babesarekin. Saskibaloi festa abenduaren 8an izango da, ostiralarekin, eta LH3tik DBH4ra bitarteko haur eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute txapelketan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, hasiera batean saskibaloia bultzatzeko lehiaketa gisa antolatzen zuten; orain, ordea, festa solidarioan bilakatu da. Hala, jokalari bakoitzak txapelketan parte hartu ahal izateko, borondatezko ekarpen ekonomikoa egin beharko du, egingo den janari bilketarako zerbait ekartzeko konpromisoa hartzeaz gainera. Baita ere, borondatezko ekarpen ekonomikoa egiteko aukera emango diete herritarrei. Trukean, jokalari guztientzat opariak izango dira.

Saskibaloi festa abenduaren 8an izango da, 09:00etan hasita, Karela kiroldegian, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartuko duten taldeen kopurua mugatua izango da. Muga hori, ordea, aldakorrak izan daiteke, kategoria bakoitzean izena ematen duten taldeen kopuruaren arabera. Kategoria bakoitzari dagokion ordutegia izen-emate epea bukatu ostean posta elektroniko bidez jakinaraziko dute, eta modu berean helaraziko dute bilketan jasoko duten materialaren zerrenda ere.

Hauek dira kategoriak:

  • Benjaminak: LH3 eta LH 4 (18 talde gehienez).
  • Minibasket: LH5 eta LH6 (18 talde gehienez).
  • Infantilak: DBH1 eta DBH2 (12 talde gehienez).
  • Kadeteak: DBH 3 eta DBH4 (12 talde gehienez).

Partidak jokatzeko hiru multzo osatuko dira (kategoria irekia, nesken kategoria eta mutilen kategoria) eta parte-hartzaileek aukeratuko duten zein multzotan jokatu nahi duten.

Antolatzaileek gurasoei gogorazi diete pistako eremua umeentzat bakarrik izango dela, eta harmailatik animatzea izango dela gurasoek egun horretan egin beharko dutena.

Izen-ematea lotura honetan egin daiteke, edo bestela, baita Karela kiroldegian ere.