Sanikolasetarako 3x3 Saskibaloi Festa Solidarioa antolatu dute Orion

Abenduaren 8an izango da saskibaloi jaialdia, 09:00etan hasita, Karela kiroldegian. LH3tik DBH4ra arteko neska-mutilek hartu ahal izango dute parte, eta taldeek mistoak izan beharko dute derrigorrez. Izen-ematea lotura honetan egin daiteke, edo bestela, baita Karela kiroldegian ere. Abenduaren 2a izango da izena emateko azken eguna. Zast saskibaloi taldeak eta Orioko Herri Ikastolak antolatu dute ekimena, Orioko Udalaren babesarekin.

Aurtengo San Nikolas jaietarako 3x3 Saskibaloi Festa Solidarioa antolatu dute Zast saskibaloi taldeak eta Orioko Herri Ikastolak, Orioko Udalaren babesarekin. LH3tik DBH4ra bitarteko haur eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute txapelketan, eta taldeek mistoak izan beharko dute derrigorrean. 

Antolatzaileek nabarmendu dute kutsu herrikoia eta parte hartzailea daukan festa izango dela, eta aurtengoa, gainera, jaialdi solidarioa ere izango da. Izan ere, jokalari bakoitzak izena ematerakoan bi euroko ekarpena egin beharko du, eta horrez gain, festa egunean bertan egingo den bilketarako zerbait ekartzeko konpromisoa hartu beharko du. Trukean, jokalari guztientzat opariak izango direla aurreratu dute. Egunean bertan, bilketan beren ekarpena egiteko aukera emango diete herritarrei.

Saskibaloi festa abenduaren 8an izango da, 09:00etan hasita, Karela kiroldegian, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartuko duten taldeen kopurua mugatua izango da. Muga hori, ordea, aldakorrak izan daiteke, kategoria bakoitzean izena ematen duten taldeen kopuruaren arabera. Kategoria bakoitzari dagokion ordutegia izen-emate epea bukatu ostean posta elektroniko bidez jakinaraziko dute, eta modu berean helaraziko dute bilketan jasoko duten materialaren zerrenda ere.

Hauek dira kategoriak:

  • Benjaminak: LH3 eta LH 4 (18 talde gehienez).
  • Minibasket: LH5 eta LH6 (18 talde gehienez.
  • Infantilak: DBH1 eta DBH2 (12 talde gehienez).
  • Kadeteak: DBH 3 eta DBH4 (12 talde gehienez.

Antolatzaileek gurasoi ohartarazi diete pistako eremua umeentzat bakarrik izango dela,  eta harmailatik animatzea izango dela gurasoek egun horretaran egin beharko dutena.

Izen-ematea lotura honetan egin daiteke, edo bestela, baita Karela kiroldegian ere. Abenduaren 2a izango da izena emateko azken eguna.