Ibai Makazagak Irungo 52. Hiri Krosa irabazi du master mailan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko aza. 21a, 19:18

Irungo 52. Hiru Krosean parte hartzaileek korrika egiteko baldintza gogorrak izan zituztela azaldu dute Orioko atletismo taldeko kideek.

 

Asteburuan, Irungo 52 Hiri Krosa jokatu da, eta Orioko Kamal Ziani Atletismo Taldeko Ibai Makazagak lehen postua lortu du master mailan, ibilbidea 25:24 denboran osatuta. Atletismo taldeko kideek azaldu dutenez, korrika egiteko "baldintza gogorrak" izan zituzten parte hartzaileek igandeko krosean. "Asteburuan euri zaparrada handiak bota zituen eta pista oso lokaztuta zegoen; gainera, igandean, lasterketa unean euria eta haizea ziren nagusi, eta korrika egiteko baldintza zailak izan zituzten korrikalariek". Makazagaz gain, Orioko atletismo taldeko Mikel Usandizagak eta Julen Olasagastik ere parte hartu zuten lasterketan, zazpigarren eta hamabigarren postuetan sailkatuz, hurrenez hurren.

Bestetik, Jokin Bellido oriotarra Kanariar Uharteetan izan da, eta Lanzaroteko La Santako bi lasterketetan parte hartu du asteburuan. Larunbat iluntzean, bigarren postuan sailkatu zen 4 kilometroko gaueko lasterketan, eta igande goizean, berriz, hirugarrena izan zen 10 kilometroko Vince Real Memorial Classic Road lasterketan.

Argazkiak: Kamel Ziani Atletismo Taldea.