Azken bi urteotan irabazitako 42 banderak bedeinkatu dituzte

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 4a, 18:00

Orio Arraunketa Elkarteko entrenatzaile, boluntario eta kirolariei eskerrak eman eta datozen denboraldietarako "indarra" eman nahi izan die Unai Manterolak bedeinkazio ekitaldian. 

Azken bi urteotan ez da posible izan banderen bedeinkazioa egitea, baina aurten bai. Gaur egin dute jada tradizio den banderen bedeinkazioa San Nikolas elizan. Bi urteetan erdietsitako 42 banderak soinean zituztela igo dira arraunlariak Herriko plazatik elizara, Nadeth Agirre, Jon Salsamendi eta aurtengo amandre Ana Arruti buru zirela. 

Bedeinkapenean Unai Manterolak indarra eman nahi izan die arraunlariei datozen denboraldietarako ere, eta elizara igotako banderak ur bedeinkatuz zipriztindu ditu banan-banan. Era berean, boluntarioek nahiz entrenatzaileek Orio Arraunketa Taldean egindako lana eskertzeko beta hartu du Manterolak. Aipatu du poza ematen diola, gainera, "Arruti bezalako emakume fededun bat" aurtengo amandre izendatu izanak. Behin elizako ekitaldia amaituta, atzera Herriko plazara itzuli dira txarangak lagunduta. Eguna borobiltzeko, bazkaria egingo dute Arraunetxean, eta Bentazaharreko Mutiko Alaiek girotuko dute arratsaldea.