Oriotarrak gogotik ari dira ospatzen San Nikolas eguna

Aiora LarraƱaga Solaberrieta-Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 6a, 17:12

San Nikolas egunean barrua bapo beteta eta gozatuta gelditu da hainbat eta hainbat herritar, pilotalekuan babarrun jana egin baitute. Kamel Ziani krosa eta dantzari txikien txapelketa ere izan dira goiz partean, eta arratsalde-gau partean askotariko ekitaldiak dituzte zain herritarrek.

08:00ak aldera elkartu dira hamabi lagun inguru herriko pilotalekuan, sanikolasetan ohikoa den babarrun jana prestatzen hasteko. 210 lagunentzako otordua jarri dute, eta 14:30ean hasi dira mahaiak eta aulkiak janariz eta herritarrez betetzen.

Ordubete lehenago, 13:30ean, plazatik abiatu da Elektrotxaranga, eta asko haren erritmoari segika iritsi da frontoira. Presarik gabe bazkaldu dute han elkartutako kuadrillek, umore onean.

Goiz-eguerdi partean, Kamel Ziani krosa eta dantzari txikien suelto txapelketa ere egin dira herrian, eta giro polita sortu dute biek.

Arratsalde iluntze parterako ere egitarau oparoa dago prest herrian:

  • 16:00. Haurrentzako tailerrak, Kultur Etxearen atzeko plazan. Antolatzaileek eskatu dute umeek kamiseta txuri bat eraman dezatela, jantzita daramaten arropaz gain.
  • 16:00. Andoni Ollokiegiren musika emanaldia, pilotalekuan.
  • 17:30. Elektrotxaranga, pilotalekutik abiatuta.
  • 18:00. Helduen dardo txapelketa, Bikamiotan.
  • 18:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin.
  • 22:00. Bertso saioa, kiroldegian. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzailea: Unai Manterola.
  • 21:00. Shanghai Qiutian, Ithaka, Willis Drummond eta DJ Txankletaren kontzertuak, plazan.