Datorren astean irekiko dute Udaltzaingoaren bulego berria

Andrea Zipitria 2023ko mar. 17a, 11:00

Datorren asteazkenetik aurrera martxan izango da bulego berria; aurretik, astelehenean, ateak irekita egongo dira, herritarrek espazioa ezagutu dezaten.

Udaltzaingoa eraikin berrira (Eusko Gudari, 54) lekualdatuko da datorren astean, behin obrak amaituta. Hala, herritarrei zerbitzu hobea emateko aukera izango dute Orioko udaltzainek instalazio berrietan, espazioa gaur egungoa baino handiagoa eta modernoagoa izango baita. Bulegoko arreta zerbitzua 7:30etik 21:00etara artean eskainiko dute.

Ateak irekitzeko eguna

Herritarrek espazioa ezagutu dezaten, ateak irekitzeko eguna egingo dute astelehenean, hilaren 20an. Goizez, 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango dira instalazioak. Hainbat udaltzain izango dira bertan, bisitarien zalantzak argitzeko.

Alabaina, espazio berrira egokitzeko eta zerbitzua erabat aktibatzeko, egun batzuk beharko dituztela azaldu du Orioko Udalak. Horregatik, aurreikuspenen arabera, martxoaren 22an hasiko dira zerbitzua eskaintzen kokapen berritik.

Diseinua

Udaltzainen bulego berriaren fatxadak puntuz eta marratxoz osatutako diseinua du. Puntu eta marratxo horiek morse kodean emandako hitzak dira: Orioko UdalaUdaltzaingoa eta Mikel Laboaren Txoriak Txori abestiko pasarteak, hain justu. Proiektua egin duen arkitekto etxearen proposamena izan zen fatxada horrela apaintzea.