TAO-makina berriak jarriko dituzte Orion

Karkara 2023ko mar. 24a, 09:24
TAO-makinak zaharak kendu eta berriak jarriko dituzte. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Aurrerantzean mugikorrerako aplikazio batekin aparkalekua kudeatzeko aukera izango da Orion.

2022ko ekainaren 1ean sartu zen indarrean Orioko TAO-sistema berria, eta 29 TAO-makina jarri zituzten. Dena dela, udaletik jakinarazi dute EYSA enpresak ezin izan zituela hasiera horretan Udalarekin adostutako makina berriak instalatu eta, "behin-behinean, modelo zaharrago batzuk jarri zituen". Orain, makina berrian instalatuko dituzte, "irisgarriagoak eta erabilgarriagoak". Aste Santurako prest eta erabilgarri egotea aurreikusi du udalak.

Makina berriek legeak eskatutako irisgarritasun-irizpideak betetzen dituztela aurreratu du udalak. "Ukipenezko pantaila dute, eta pantaila hori pixka bat etzanda dago, informazioa errazago ikusteko. Horrez gain, manipulatu beharreko elementuak hurbilago dituzte, mugikortasun urriko pertsonek errazago erabiltzeko". QR kodeen eskanerra eta barra irakurgailua ere badituzte, eta denbora gainditzeagatik jarritako salaketak baliogabetzeko aukera eskaintzen dute. Ordainketari dagokionez, txaponen edo txartelen bidez ordaintzeko aukera ematen diete erabiltzaileei.

Horrez gain, El Parking izeneko mugikorretarako aplikazioak aparkalekua kudeatzeko aukera eskainiko dute, makinara joateko eta txartela ateratzeko beharrik gabe. Telefonotik bertatik egin daiteke ordainketa, aparteko kosturik gabe.

Urteurrena

Ekainean urtebete beteko du TAO sistema berria, eta udalak herritarrekin eta merkatari eta ostalariekin balorazioa egin nahi du.