Hondartzako eremuan komun autogarbitzaile bat jarriko dute

Andrea Zipitria 2023ko mar. 30a, 14:40
Komun autogarbitzailea jartzea aurreikusten den eremua.

Orioko hondartzan, ahateen gunearen ondoan, jarriko dute komun autogarbitzailea, eta aurreikuspenen arabera, maiatzaren bukaeran egongo da komuna erabilgarri.

Orioko hondartzan, ahateen gunearen ondoan, komun autogarbitzaile bat jarriko du udalak. Lanak adjudikatu ditu aste honetan, eta Servicios Públicos Ibéricos enpresa arduratuko da obraz.

Aurreikuspenen arabera, komuna instalatzeko lanek sei asteko iraupena izango dute, eta dena ondo bidean, udako denboraldia hasi aurretik egongo da komuna erabilgarri.

Modu honetan, "herritarren eskaerari erantzuna" emango dio udalak. Izan ere, eremu hori "herriko aisialdiko gune garrantzitsuenetakoa da, hondartzaz gain, berdegune zabala eta haurrentzako parke handia baitaude han. Uda garaian, kabinak zabalik daudenean, hango komunak egoten dira erabilgarri, baina udazkenetik udaberrira, ez da zerbitzurik izaten inguruan". Horregatik, udalarentzat "garrantzitsua" izan da hutsune horri erantzuna ematea.