Orion trikiti taldea bultzatzeko prozesua abiarazi dute

Andrea Zipitria 2023ko api. 12a, 15:00

Trikiti Elkartea "bultzatzeko" helburuarekin Orioko hainbat trikitilari elkartzen hasi dira noiz edo noiz. Momentuz zortzi lagun inguru biltzen dira, baina herriko musikari guztiei dei egin nahi die parte hartzera animatzeko.

Orioko hainbat musikari biltzen hasi dira noiz edo noiz, herriko trikiti talde bat "mugitzeko" helburuarekin. Momentuz hastapen prozesuan daude, eta asmo zehatzak zehazteke dituzten arren, hainbat aldiz gelditu dira jada; otorduak egin dituzte, trikiti doinuen bueltan.

"Pasa den urtean otu zitzaigun ideia", azaldu du Nerea Udabe proiektuaren atzean dagoen musikarietako batek. Harekin batera dabiltza taldearen sorrera jomuga hartuta Maider Sukia eta Jon Makazaga. "50. urteurrena bete zuen orduan Orioko Herri Ikastolak eta trikitilariak biltzen hasteko ideia plazaratu zuten askok". Izan ere, musika eskolan edo garai batean trikitia ikasten ibilitako herritarrak, adin batera iritsitakoan utzi egiten dutela konturatu ziren.

Bada, hutsune horri amaiera emateko prozesua abiarazi dute. Gaurkoz, zortzi musikari inguru biltzen dira, baina herriko trikiti eta panderojole guztiei dei egin nahi die parte hartzeko. Momentuz, ez dute leku fisikorik, baina whatsapp talde bat sortu dute eta bertatik hitzartzen diuzte planak.