2023ko udal eta foru hauteskundeak

Anuska Esnal: "Lau urte hauetan egiteko modua aldatu dugu eta udaleko ateak herriari ireki dizkiogu"

Gorka Eizagirre - Aiora LarraƱaga 2023ko mai. 20a, 13:00

Anuska Esnal Orioko alkatea izan da azken lau urteetan, eta ilusioz aurkeztu da bigarrenez EH Bilduko alkategai gisa. Maiatzaren hasieran elkartu zen hedabide honekin bere proiektuaren berri emateko, eta azaldu zuen "orain arte egin bezala, egiteko modua aldatzen jarraitu" nahi duela.

Herriko alkatea izan zara azken agintaldian. Zer dela eta erabaki duzu berriz ere aurkeztea?

Erabakia ez da erraza izan. Orain dela lau urte oso argi nuen zein osagarri behar nituen pausua emateko, eta orain ere nire printzipioekin bat datozen osagai horiek mantentzen nituen: batetik, nire inguruaren eta komunitatearen babesa eta oniritzia izatea, pausu hau bakarrik eman ezin delako. Horretarako, pasa den ekainean barne-galdeketa batzuk jarri genituen martxan egindako lanaren balorazioa egiteko, eta emaitzak jasota, babes osoa nuela kontuan izanda, bigarren erronkari heldu nion, pertsonalki ere prest egon behar baita. Lau urte hauetan ikusi dut eta ikasi dut zer den alkate izatea, eta zer suposatzen duen horrek: indartsu egon behar da, konbentzituta eta gogoz, herriari zor diozulako merezi duen maila horretan jardutea. Ikusita berriz ere banuela gogoa, hurrengo urratsa talde bikaina osatzea izan zen. Bagenuen lau urteko ibilbide bat eta ikusi egiten da etorkizuneko erronkak zein diren eta zein izan diren lau urte hauetan gure ahulguneak. Horiek kontutan hartuta, talde bat osatu dut eta berriz ere ahaldunduta, konbikzioz eta gogotsu alkategai izatearen erronkari heldu diot.

Taldea aipatu duzu. Zer uste duzu emango diola zure taldeak herriari?

Talde gaztea bada ere, oso jende prestatu da, bakoitza bere arloan gorena jotako jendea. Bakoitzak bide eta mundu desberdinetatik dator, bizipen oso desberdinekin, bizitza eta herria bera diren bezalaxe. Aniztasun horrek herria islatzen duela uste dut, eta udalak horixe izan behar du herriaren isla. Uste dut asko emango diola taldeak herriari eta baita niri ere.

Udalbatza, ordea, ez da talde bakarraz osatuta egoten. Alkatetza lortzen baduzu garrantzia emango al diozu gainontzeko udal taldeekin elkarlanean aritzeari?

Hau ez da programa kontua. Lau urtetan zerbait erakutsi badugu, izan da egiteko beste modu batzuetan sinesten dugula. Kasik esango nuke duela lau urte alkategai aurkeztearen zergati nagusia hori izan zela, ez nintzela ordezkatua sentitzen egiteko moduetan. Lau urte hauetan egiteko modua aldatu dugu. Udalaren ateak herriari ireki dizkiogu, herritarrak zein alderdi politikoetakoak diren kontutan izan gabe. Proiektuak eta aukerak edo korapiloak eta zailtasunak etorri direnean, gardentasun guztiz herriari ireki diogu eztabaida, beren ekarpenak jasotzeko. Berrogei urtetan egon diren inertziak lau urtetan aldatzea ez da erraza; horregatik,  hurrengo lau urteetan ere zubiak eraiki eta elkarlanerako prest egongo gara, edozein lanbide edo eremutan egin behar den bezala, lidertzan nahiz oposizioan.

Udal gobernuan egon zarete azken agintaldian. Nola baloratzen duzu orain arte egindako lana eta oposizioaren jarduna?

Herriak baloratu behar izaten du, baina nik beti sinesten dut emaitzak baino bideak egiten gaituela. Oso pozik nago egindako lanarekin. Ez da legealdi erraza izan, larrialdi egoera bat tokatu delako, baina iruditzen zait lidergo sendoz aritu garela aurreikusi zitekeen eszenatokietan eta baita ustekabean etorri direnetan ere. Erakutsi dugu elkarlanean edozein erronkei aurre egiteko gai garela, eta, zailtasunak tarteko, ikaragarrizko proiektuak aurrera ateratzeko gaitasuna izan dugu. Horregatik aukeratu dut elkarrizketa Pilliku plazan egitea, Etxe Morea delako horren adibideetako bat. 2019ko ekainean, aginte makila hartu bezain pronto, herriko emakumeen diagnosia hartu genuen esku artean; bertan ondorioztatzen zen Orio herri matxista zela. Emakumeok ez ginela aske sentitzen Itxaspeko buelta egiteko edo gimnasiora joateko, eta bikote homosexualek ere herritik atera behar izaten zutela beraien sexualitatea aske bizitzeko. Erronka horri hasieratik heldu genion eta pixkanaka joan gara Ahalduntze Eskola sortuz, sendotuz, laguntza juridikoa eta psikologikoa bezalako zerbitzuak herriari doan irekiz, pausoz pauso, Etxe Morea sortu arte. Momentu honetan indarkeria matxista  protokoloa osatzen ari gara. Horretarako, udaltzaingoak bere lokal berrian salaketak jartzeko intimitatea izateko areto bat ere badu. Edozein erronken aurrean, pausoz pauso joan gara bidea egiten.

Bestalde, legearen arabera udaleko langileen behin behinekotasun tasa %8koa izan behar badu, guk %90ean hartu genuen. Arlo horretan ere lanketa handia egin dugu, langileekin elkarlanean, hamabostero bilduz, joan gara egoerari buelta emateko sistema bat osatzen eta oraintxe atera dira deialdiak 47 lanpostu behin-betiko bihurtzeko.

Gizarte Zerbitzuetan ere lanketa izugarria egin da. Salaketak genituen Arartekoan xenofobiagatik eta lau urte  hauetan izugarrizko buelta eman diogu Gizarte Zerbitzuei. Laukoiztu egin ditugu larrialdietarako laguntzak, eta familientzako programak eta hezitzaileak ere jarri ditugu. Hezkuntza, Osakidetza eta gizarte zerbitzuak elkarlanean jarri ditugu. Hala, lau urtetan erakutsi dugu gaitasuna oso atzean zeuden gaiak hartu eta herria lehen lerroan edo oso maila onean jartzeko. Horri gehitu behar zaio kudeaketa ekonomiko bikaina. Herriaren altxortegia handitu egin dugu. Horrek ez du esan nahi beti gehitzen ibiliko garenik, baina argi dugu inbertsioak egin aurretik ondo aztertu behar direla. Sentitzen dut lidertza oso erraz eta natural eraman dugula, eta beste alderdiak beti gonbidatu ditugu ekarpenak egitera zegokion mahai eta momentuan.

Azken agintaldian ere aldaketa bat eman da parte-hartze prozesuei dagokionez eta herritarrei beren iritzia eskatu zaie. Alderdi horretan sakontzeko asmoa ba al duzu alkatetza lortzen baduzu?

Udala hartu genuenean, ez zegoen herriari irekia eta horregatik lehen urratsa izan da komunikatiboki herriari zabaltzea. Pedagogia eta prozesu bat da. Galdeketak egin ditugu, mahaiak sortu ditugu, bilera irekiak egin ditugu. Lau urte hauetan erronkak finkatuta eta ikusita datozen urteetan gai oso potoloak eta erabakigarriak etorriko direla, bide beretik jarraitu nahi dugu. Iruditzen zait orain arte herrian egin diren gauza asko beste herrietatik kopiatu direla, eta horretan ez dut sinesten. Azken finean, herriak egin behar ditu proiektuak eta herriari egokitutako gauzak sortu behar dira behetik gora. Horrek partaidetza eta erreferenduma berarekin dakartza naturalki. Lau urtetan diagnosi asko egin ditugu eta datozen urtetan horien baitan eraikitzeko herri galdeketak eta erreferendumak etorriko dira, eta horretarako prestatu dugu herri programa eta taldea.

Herriaren izaera aipatu duzu. Nola irudikatzen duzu etorkizuneko Orio?

Mundua abiada bizian aldatzen ari da eta gure identitatea galtzeak kezkatzen gaitu. Gure erronketako bat izango da oriotar identitatea mantentzea. Guk errioaren bueltan irudikatu dugu etorkizuneko Orio. Bestalde, Orio bizigarriago bat nahi dugu, hemen jaiotzen denak aukera izan dezan bere bizi proiektua herrian garatzeko. Momentu honetan ez da posible, familia zaurgarriek eta gazteek ez dutelako aukerarik hemen etxebizitza topatzeko, eta horretan ere buru-belarri jardun gara HAPOaren onarpenean, etorkizunean ahalik eta babestutako etxebizitza gehien egin daitezen.

Bestalde, herriak gero eta biztanle gehiago ditu eta zerbitzu gehiago nahi ditugu. Baditugu zerbitzu batzuk zaharkituta geratu direnak eta kokaleku berri bat behar dutenak. Beste zerbitzu batzuk, berriz, oso erabiltzaile gutxi dituzte sortzen duten gasturako. Zerbitzu guzti horiek mantentzeko herriak diru-iturriak behar ditu eta hori bada gure erronketako bat. Pixkanaka saiatu nahi dugu udal kanpina desestazionalizatzen; agintaldi honetan kanpineko igerileku estalia egiteko proiektua esleitu gabe geratu zaigu, baina baditugu proposamenak beste diru-iturri batzuk sortzeko herriari, ekonomia zirkular hori sortuz.

Etorkizuneko Orio zaintzari lotuta egotea nahi dugu, baina ez beste herrietatik ekarritako ereduekin. Jaiotzetik hil arte denok gara zaintzaileak edo zainduak, eta uste dut Orion zaintzen duen herria izan behar duela. Hor ere erakutsi genuen gaitasun handia larrialdi garaian herritik bertatik zaintzen zuen herri bat artikulatzeko. Horretarako, herri diagnostikoa egin behar dugu, herri-mahaia sortu, dauzkagun baliabideak jarri ekosistema baten baitan funtzionatzeko.

Guzti hori nonbaitetik egin behar bada, hezkuntzatik da. Kirol edo hezkuntza politikarik gabe joan da udala dirua banatzen hitzarmen bidez, baina hori ez da sostengagarria herriarentzat eta udala ez da eragiten ari, ez da herria egiten ari. Udalak argi izan behar ditu zein diren herriaren etorkizuneko erronkak, zerren baitan hezi behar duen eta zer helbururekin. Nik uste dut datozen lau urteetan hori dena eraiki beharko dela.

Beste mota bateko erronkak ba al ditu herriak?

Programan arlo askotako proiektuak eta ekintzak bildu ditugu, baina badaude etorkizunean herri aurrerakoia izan nahi badugu eman beharreko pausuak. Bost ardatz nagusi ikusten genituen. Batetik, partaidetza, udalak izan behar duelako tresna herriak behar duena diseinatzeko. Bestalde, zaintzaren gaia ere oso garrantzitsua izango da. Historikoa izan da herri honetan adinekoen egoitzaren promesa. Orain arte bultzatu diren egoitza sistema ereduak zaharkituta geratu dira; oso argi geratu da pertsonak ez dituztela erdigunean jartzen eta beste negozio batzuk sustatzen dituztela. Guk aldarrikatzen genuen proposamena egokia zela garbi ikusi da. Oriok ere zaintza herri bat bihurtu behar du.

Hezkuntzarena ere gai garrantzitsua da. Historikoa da herri honetan hezkuntzak sortu duen arrakala. Uste dut udalak ere ez duela lagundu, eta uste dut garaia dela tiritak jartzeari utzi, eta herri bezala hezkuntza adarretatik heltzeko; hezten duen herri bat izateko Orio. Ez bakarrik ikastetxeetatik; horiek ere bat joan behar dute, hezkuntza formalarekin, baina herri guztiak joan behar du ildo berdinean. Lehen esan dudan bezala, sateliteen moduan ekartzen dira programak beste herrietatik, eta horrek ez du funtzionatzen. Kontrakoa egin behar da. Lehenengo pentsatu behar dugu nora joan nahi dugun eta horren baitan sortu gure sistema guztia.

Herrian hanka motz daukagun beste gai bat da herrian herritar berriak txertatzea, eta erronka erronka handi bat. Gure ikuspegi aurrerakoiaren barruan hori sartu dugu: harrera planak, harrerarako herri sare bat osatzea, herrira etortzen diren herritarrei Orio erakustea bertan txertatzen laguntzeko. Azkenean, oso begi-bistakoa da, pare bat urtetan herrira etortzen dira eta joan egiten dira, esan ditudan zailtasunak medio, herrian txertatu gabe. Azkenean sare gisa funtzionatu nahi badugu, saretu egin behar gara denok. Horixe da beste erronketako bat.

Honetan guztian osasuna ere garrantzitsua da. Kirola ez delako lehiaketa bakarrik, adibidez. Osasunaren ikuspegitik ere uste dut herriak behar duela kirol politika jakin bat. Jakin behar dugu herrian nolako eredua nahi dugun, eta ardatz guztien baitan herria behetik gora eraikiko dugu.

Aipatu dituzu lan ildoak. Etorkizuneko Orio hori garatzen joateko. Hauteskundeetako programa honetan txertatu dituzue proiektu zehatzak?

Bai, dudarik gabe. Bereziki pozik gelditu naiz programarekin. Lau urte hauetan udala ezagutu dugu barrutik eta kanpotik. Barrutik erronka handiak hartu behar izan ditugu, tartean bi funtzionario kaleratzearena. Ez da erabaki xamurra izan eta gu sartu arte inongo erabakirik hartu ez zen hrtu. Behin barruko engranaje guztia ezagututa, behin herria ezagututa, plazer bat da gure programa aurkeztu ahal izatea. Guk argi daukagu nondik hasi behar dugun herriaren etorkizuna sortzen. Programa oso bisuala da, gardena eta zerbait sortzen badu ilusioa da. 

Elkarrizketa bukatzeko, azken aldian zalaparta sortu duen gaia Oribazarko hondartzaren berreskuratze proiektua izan da. Zuek ere kezkatuta al zaudete gai horrekin?

Bai, kezka handia. 2020ko azaroa-abenduan onartu zirek EAJk Madrilen lortu zituen 2 milioi Txurruka berreskuratzeko, eta hasieratik piztu zitzaizkigun alarma guztiak ez zegoelako proiekturik horri lotuta. Nik aurretik bilera bat egina nuen, eta beste alderdiei ere azaldu nien jota geratu nintzela Txurruka aterpetxea eta haren aurreko bai bide zatia kontzesiotik kanpo genituelako. Orduan, hasieratik ikusi nuen oso argi beti esan dudana: lehenengo egin behar dela proiektu bat. Errazena dirua lortzea iruditzen zitzaidan, eta zailena denok ados jarriko ginen proiektu bat egitea. Hau da adibide bat gauzak nola ez diren egin behar. Dirua lortzen da proiekturik gabe, eta ondoren bueltaka-bueltaka bi urte eta erdi pasa ditugu esaten zer etorriko zen eta etengabe ezetza jasotzen genuen. Azkenean lortu da diru bat egin nahi ez dugun gauza bat egiteko, eta ondorioz ekarriko diguna da momentuz behintzat aterpetxea botatzea, eta errepide zati hori galtzea; eta hondartzaren parean beste bi beso sortzea.

Honek guztiak bi fase ditu. Lehenengoa da diru hori nola lortzen den eta orain arteko bidea eta horrek guztiak sortu digun kezka. Behin hau edukita, herri gisa erantzun behar zaio. Horregatik bigarrengo fase honetan egin ditugu herri bilerak; eragile ezberdinekin bildu gara, informazioa partekatu dugu eta herri bezala erantzun dugu. Momentu honetan alegazioak aurkeztu ditugu.

Badirudi aterpetxeak ez duela atzera bueltarik, baina epe motzean erabaki beharko da herriak beste aterpetxe bat nahi ote duen. Momentu honetan udalak dituen partzela publiko bakarra da Zaragueta ondoko eremu hori, eta esan ditudan etorkizuneko izar horiek guztiak hipotekatuko ditugu aldundiarena den aterpetxe bat egiteko? Hori izango da herriak laster edukiko duen beste erronka.

Aurkeztutako beste alegazioak izan da, noski, bidea nahi dugula. Herriko eragile asko pasaerarik gabe geldituko lirateke, eta horrek ez dauka inongo zentzurik. Bestalde, ibaian beste bi beso horiek edukitzeak ere, lehen ditugun aurrekari guztiekin, kezka handia sortzen digu, ez duelako inolako logikarik hondartza bat errekuperatzeko beste bi beso eraikitzea, eta horretaz gain, iruditzen zaigulako nabigagarritasunean eragingo duela. Oraindik hau herri arrantzalea da, ofizioz batzuentzat eta afizioz beste askorentzat. Motorrak gora eta behera ibiltzen dira, oraindik ere Arostegi tailerra dugu puri-purian lanean. Itsasontzi handiak etortzen dira herrira, eta uste dugu horrek guztiak eragin dezakeela. Horregatik, alegazio horien erantzunaren zain gaude. Kezka bai, eta batez ere, nik uste irakaspen handia izan beharko lukeela honek, gauzak nola egin behar ez diren erakusteko. Lehenengo proiektuak beti, eta herriari entzun. Gero saiatuko gara dirua lortzen, beste maila bateko kontua da.