VIII. Garagardo Azoka antolatu du Orio Arraunketa Elkarteak astebururako

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mai. 25a, 12:07
Garagardo Azokaren aurkezpena. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Aurten ere Mirotza sariak emango ditu arraun elkarteak, baina ez du aurreratu zein izango diren omenduak. Oriotarrak eta bisitariak Garagardo Azokan parte hartzera animatu dituzte.

Bihartik igandera bitartean VIII. Garagardo Azoka egingo dute Orion, Orio Arraunketa Elkarteak antolatuta. Hiru urteko etenaldia izan du egitasmoak –bi urtez ez dute egin COVID-19ak sortutako izurriteagatik, eta iaz bertan behera geratu zen eguraldi txarra zela eta– eta hala, "gogoz" heldu dio erronkari Orio Arraunketa Elkarteak, Zipri edari banaketarekin elkarlanean.

Elkartearentzat lehentasuna izan da Garagardo Azokak «herri giroa» izatea, eta aurten ere arraun elkarteak emango ditu Mirotza sariak. "Bi sari emango ditugu: bat azken egunetan zeresana ematen ari den goi mailako kirolari bati eta bestea herritar bati. Garagardo Azokaren irekiera ekitaldian jakinaraziko dugu zein diren omenduak, eta gustatuko litzaiguke herritarrak ekitaldira gerturatzea", azaldu du Iosu Esnaola elkarteko presidenteak. 

Azoka diru iturri

Garagardo Azokan zortzi garagardo eskainiko dituzte, launa arrunt eta launa berezi, herriko Zipri banaketaren eskutik. Orio Arraunketa Elkarteak herritarrak deitu ditu egitasmoan parte hartzera. "Gure egitarauaz gain, Talai Mendi elkarteak antolatuta, tirolina izango da larunbatean, 16:00etatik 20:00etara, elizatik plazara. Era berean, herriko trikitilari taldea ere animatu da larunbat arratsaldean saioa eskaintzera, eta uste dugu denon artean giro polita sortuko dugula plaza inguruan".

Esnaolak gogoratu du Garagardo Azoka elkartearentzat diru iturria dela, "finantzazio iturriak behar" dituztelako elkartea martxan izateko. Asteburuan, esaterako, 40 boluntariotik gora ariko dira lanean Garagardo Azokan, eta "horien guztien lana eta ahalegina" eskertu ditu. "Guztien ekarpenari esker, gazte eta senior mailako arraunlariak uretan ikusteko aukera izango dugu", adierazi du Esnaolak.

EGITARAUA

Bihar, ostirala.
- 19:00. Garagardo Azokaren irekiera eta Mirotza sarien banaketa.
- 20:00etan eta 22:30ean. Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxausti trikitilariak.
Etzi, larunbata.
- 11:00. Babesle Nagusien I. Bandera.
- 17:30. Herriko trikitilari taldeen saioa.
- 22:30. Aros DJa.
Maiatzak 28, igandea.
- 17:30. Hillbilly Jokers taldearen kontzertua.