Orioko Eguneko Zentroko langileek murrizketak salatzeko elkarretaratzea egin dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko ots. 10a, 09:00
Atzo iluntzean elkarretaratzea egin zuten Orioko Eguneko Zentroko langileek Herriko Plazan eta herritarren babesa izaten zuten. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Langileek elkarretaratzean azaldu zuten "zaintza orduak murriztuta, denbora gutxiago" geratzen zaiela erabiltzaileei eman beharreko arreta emateko, "funtzio eta zeregin berdin-berdinak egin behar" dituztelako.

Atzo arratsaldean Eguneko Zentroko langileak plazara atera ziren zerbitzua kudeatzen duen Biharko Gipuzkoa enpresak urte hasieran egin dituen murrizketak salatzeko, LAB sindikatuak deituta. Orioko Udalak ere bat egin zuen Eguneko Zentroko langileen aldarrirekin, eta atzo arratsaldeko elkarretaratzean parte hartu zuten Orioko alkateak eta udal gobernuko kideek. 

19:00etan bildu ziren Herriko Plazan, eta langileek euren egoeraren berri eman zieten bertaratu ziren herritarrei: "Ez dira garai errazak zaintza sektoreko langileontzat, baina urte hasierarekin batera Orioko Eguneko Zentroko langileontzat oraindik eta zailagoak bihurtu dira, Biharko Gipuzkoa enpresak langileoi jaramonik egin gabe ea aldebakarreko erabakiz murrizketak aplikatu dituelako", adierazi zuten elkarretaratzearen amaieran. Hala, langileek salatu zuten "zaintza orduak murriztuta, denbora gutxiago" geratzen zaiela erabiltzaileei eman beharreko arreta emateko, "funtzio eta zeregin berdin-berdinak" egin behar dituztelako.

Langileek esanetan, zerbitzuaren "egungo egoeraren erruduna" eguneko zentroa kudeatzen duen "Biharko Gipuzkoa" da, eta nabarmendu zuten "zaintza zerbitzu unibertsal gisa ikusi beharrean, negozio iturri bezala" ikusten duela enpresak: "Aldaketak guztiak dirua irabazteko egiten dituzte erabiltzaile eta langileon beharrak kontutan izan gabe", azpimarratu zuten. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ardura baduela uste dute, beren esanetan, "zerbitzu publikoak enpresa pribatuen eskuetan jarri eta inolako jarraipenik egiten ez dutelako".

Horregatik, murrizketen aurrean, Orioko Eguneko Zentroko langileak antolatu egin dira. Alde batetik, bide judiziala martxan jarri dute, eta atzo egin bezala "behar den guztietan kaleak hartzeko" prest direla berretsi zuten "zaintza sistema publiko eta unibertsala, zein zaintza sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak duinak lortu arte".

Elkarretaratzean langileek "eskerrak" eman zizkieten babesa ematera bertaratu ziren herritarrei, eta aipamen berezia egin zieten Saregile Emakumeen Etxeko kideei eta Orioko alkate Anuska Esnali, eurengandik jaso duten "konfiantza, prestutasun eta babesagatik".