
Hazi landaketarekin eta pintxo dastaketarekin, giro paregabean ari dira ospatzen Arroabeko sanisidroak
Atzo hasi ziren sanisidroak Arroabean, eta haurrentzako zinema eta txokolatada eginda, bertso-afariarekin amaitu zuten eguna. Gaur eguerdian jarraitu dute festarekin, eta hazi landaketa nahiz bertako produktuen pintxo dastaketa egin dituzte eguraldi ederra lagun. Paella janarekin eta mus txapelketa azkarrarekin borobilduko dute eguna. Arroabeko Kutsaduraren Aurkako Lantaldearen sinadura bilketa egiteko ere probestu dituzte jaiak.

Aldarriz eta askotariko doinuz girotuta ospatu dute II. Fundizio Fest Jaialdia Zestoan
'Herriko musika indartzeko, Gaztetxea zentrora' lelopean egin zuten atzo, larunbatez, Fundizio Fest jaialdiaren bigarren edizioa Zestoan.

Candido Beristain zena oroitu dute haren doinuz lagunduta, musika bandaren egunean
Candido Beristainen musika errepertorioko zenbait lan aurkeztu dituzte Azkoitiko Udal Musika Bandak, Txalkor txistulari taldeak eta Iraurgi abesbatzak. Mendea bete da Beristain zena jaio zela eta, hura gogoratzeko eskaini dute gaur eguerdiko kontzertua Kontzejupean. Juan Ramon Azpitartek Beristain zenaren irudidun koadroa egin du, eta Javier Beristain semeak jaso du gaurko ekitaldian.

Uztapideren obra eta izana plazara eramateko bertso astea antolatu dute Zestoan
Ekintzaz betetako Uztapide Plazara bertso astea antolatu dute maiatzaren 17tik 22rako. 'Nire Uztapide' liburuaren aurkezpen musikatuak, 'Uztapide, bertsotik prosara' hitzaldiak eta Arroa inguruko bertso historiaren inguruko hitzaldi-tertuliak irekiko dute antolatutako egitaraua, eta Txapeldunen Bertso Jaialdiak itxiko du. Egun horretan, Euskal Herriko bertso txapelketa irabazi duten bertsolariak igoko dira Zestoako kiroldegiko oholtzara. Ekimenaren helburua da Uztapideren lana, ibilbidea, izaera eta bizitza herriko belaunaldi berriei ezagutaraztea.

Azpeitiko Izei musika taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du ostegunean jendaurrean
Joseba Eizagirrek, Pello Arribasek, Aritz Unanuek eta Aitzol Etxanizek osatzen dute Izei. Azpeitiko taldeak Charlie Chaplin tabernan aurkeztuko du zazpi abestiz osatutako diskoa hilaren 12an, 19:30ean hasita.

"Gure garaia oholtzan gorpuztea izan da asmoa, bizi dugun errealitateaz eta horri erantzuteko beharraz hitz egitea"
Ekidak Agirretarren bandera antzezlana estreinatuko du bihar Soreasu antzokian. Familia bati buruzko obra da antolatu dutena, baina ez hori bakarrik. "Porrotaren eta krisiaren garaiari" buruzko lana da, "eta hari erantzun beharra, oholtzara eramana". Obraren antolakuntza prozesuan murgilduta ibili dira Mikel Izurieta (Azpeitia, 1996) eta Paul Beitia (Zarautz, 1997) beste hainbat kiderekin batera. Aireratzear diren lanaren inguruan solastu dira haren estreinaldiaren bezperetan.

Urola ibaiaren zati bat garbituko du Zestoako Udalak
Lasaotik Iraetara arteko zatia garbituko du Zestoako Udalak. Sei kilometro inguruko ibilbidea da garbituko dutena, eta sei tona inguru hondakin jasotzea aurreikusten du erakundeak. Ibaia garbitu ez ezik, herritarrei zuzendutako "sentsibilizazio kanpaina" ere jarriko dute martxan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jasoko du udalak garbiketa lanak egiteko.

Traktoreen azterketa teknikoa egiteko aukera izango da Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen
Azkoitian eta Errezilen maiatzaren 19an egingo dituzte ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT). Azpeitian, aldiz, hilaren 20an.

'Arauak eta mugak familian' hitzaldia eskainiko dute asteazkenean Arroabean
Donna Apellaniz terapeutak eskainiko du solasaldia Arroabeko Eskola Zaharrean, 17:00etan hasita. Bertan, "familian harreman orekatua, osasungarria eta onuragarria izateko zer behar den" azalduko dute, "hori garatzeko beharrezkoak diren arauak eta mugak nola jarri landuz".

Azpeitiko baratze parkeetan ortua izan nahi dutenek maiatzaren 5era arte egin dezakete eskaera
Baratze ekologiko publikoa eskuratu nahi dutenek maiatzaren 5era arte dute eskaera egiteko epea. Azken urteetan Izarraizpen edo Otzakan ortua izan duten herritarrek ere eskaera egin beharko dute baratzeekin jarraitu nahi izanez gero. Taldeek nahiz norbanakoek eman dezakete izena, baina ezinbestekoa da Azpeitian erroldatuta egotea.

Azpeitiarrek gogotik gozatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Kuikui' ikuskizunarekin
Pailazoen azken ikuskizuna da 'Kuikui', eta euskara du ardatz. Abenduan aurkeztu zuten, eta gaurkoan Azpeitian egin dute geldialdia, Uztaro haurreskolak antolatutako hitzorduan. 'Kuikui' ikuskizunaren bi emanaldi eskaini dituzte arratsaldean, eta bi txandetan jende ugari bertaratu da emanaldiaz gozatzera.