Tristura eta amorrrua

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2022ko mar. 10a, 11:51
(ARGAZKIA: Maria Maya Manterola)

Amaitu da COVID-19a, eta ez du ez txertoak eta ez Osakidetzak menderatu; pandemiaren durundia benetan ezabatu duena Ukrainako gerra izan da. Joan zen udan kezkagarriak ziren kutsatze-maila berak izan arren, ahaztu dugu dagoeneko, eta orain arte birusari buruz gehientxo zekiten kazetari eta tertulianoak bihurtu zaizkigu, bat-batean, ukraniologo ospetsu. Beraz, akabo desagertzeko bidean den birusaren kontuak komunikabideetan! Esango dizuet nire iritzia. Duela bi urte jakin genuen Gasteiztik sartu zela gure lurretan SARS-CoV-2 birusa, eta martxoaren 15ean bertan hasi zen itxialdi gogorra. Bi urte igaro dira, eta egun luze horiek guztiek nigan utzi dituzten hondarrak tristura eta amorrua izan dira.

Tristura, uste baikenuen gure osasun publikoaren egitura trinkoa, eraginkorra eta gizatiarra zela, eta ikusi baitugu ez zegoela behar bezain ongi egituratua, horrelako ezuste handi bati aurre egiteko, bederen; ez zela gai gaixoei behar bezala hurbiltzeko eta erantzun azkar, eraginkor eta efizientea emateko. Beti bezala, goiko egituraren ezintasunak zuzeneko harremanak eramaten dituzten profesionalei gainera bota zaizkie. Hortik tristura. Amorrua, beste behin ere agintariek gauza gutxi ikasi dutelako oraingoan ere, eta gure diruak errazago joango direlako Abiadura Handiko Trenari bidea egitera, sendotzea eta laguntzea behar duen osasun publikora baino.

Tristura, gizarte heldu batean bizi ginela uste genuelako (nik hala uste nuen, behintzat), eta beste behin erakutsi dugulako ez garela hain onak, ez hain zibilizatuak, ez hain xarmagarriak. Tristura, kazetaritzaren horikeriak sortu didana, eta pandemiari sarritan egin zaion jarraipen sentimentalkoi eta milikak. Gaia argiztatzea eta jendeari informazio zehatz eta egokia behar-beharrezkoa zenean, argi-fokuak alde batera eta bestera ibili baitira, sareetan zebiltzan olatuei jarraika, era arrazional eta zientziari jarraituz ibili ordez, periferiako kontu eta anekdotak harrotzen. Amorrua, bide arrazional horretan tinko mantendu behar zuten agintari eta adituek, orokorrean, ez dutelako hori egiten jakin, eta komunikabideen burrunba mediatikoak gortuta ez dutelako jakin norabide garbia gordetzen zurrunbilo nahasian.

Tristura eta amorrua, ikusita agintariek ezarri dizkiguten neurriak mugatzaileak eta baztertzaileak izan direla soilik, ez dutela asmatu pandemiaren bridak behar bezala eramaten. Beste ezertan baino gehiago oilarkerietan jardun dutelako, gutxiena behar zenean, erkidegoko eta Espainiako gobernariak; elkarri mokoka aritu direlako botere exekutibo eta epai-agintea, botereen arteko autonomia erakutsi-nahi antzuan askatasun hori gutxien erakutsi behar zen garaian.

Tristura eta amorrua, ikusiz eskubideen urraketaz konturatu eta hari aurre eginez altxatu diren ahotsak askatasun indibidualari eman diotela haize, askatasun kolektiboen kaltetan, eta arriskutsuki hurbildu direla edozein ikuspegi ofizial eta erakunde-kutsuko joerari, besterik gabe, itsuki aurka egiten dioten taldeei, munduaren ikuspegi ez-zientifiko eta magikoari atxikitako taldeei, beren ortodoxia transzendetaletik at ezer onartzen ez duten negazionistei eta sareetan beldurra eta ezinegona zabaltzen duten talde ezegonkortasun-zaleei.

Ez dakit hitz-zirimola horretan esandakoak argitzen duten nire tristura eta amorruaren nondik norakoa, baina bego horretan haserrearen purrustada, eta joan nadin mamira: bi urteren buruan denok, gehiago edo gutxiago, jaso dugu pandemiak eragindako frustrazioa, nik tristura eta amorrua deitutako halako ezintasun sentimendu hori, eta orain, eguneroko hits-hots zaratatsua isiltzera datorren garaian, une egokia dateke gogoeta egiteko. Hauxe da nirea. Gure egituren ahuleziak azaleratu dituen krisialdiaren ondoren izan gaitezen gai nabarmendu diren akatsak zuzentzeko, osasun publikoarentzat ahalbide gehiago eska ditzagun, gaixoen eta zaintzaile zein medikuen arteko harremanetan hurbiltasun estuagoa, gizarte txolin honentzat sendotasun eta arrazionaltasun handiagoa… Gehitxo eskatzea ote da?