'Denbora'

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2022ko mai. 19a, 15:23
Miserikordiako dorretxoa, bere kanpaiarekin. (Jesus Mari Olaizola)

Ezinbestean, aldatu egiten gaitu denborak, eta, gainera, kontuak eta istorioak ere aldatzen ditu. Hala omen.

Esan didate joan den aste horretan agertu direla, beste behin ere, herriko hondarretan lehorreratutako "gure" Gustav zaharraren hondakinak. Ehun eta berrogeita zazpi urte pasatuak dira 1874ko abenduaren 12an hondarreratu zenetik kanaleko inguruan, eta, denbora hori guztia igarota ere, gure memorian dabil oraindik Gustav Wilheim izeneko belaontzi zaharra, beharbada, joan zen astean egin bezala, noizean behin hondar azpitik agertzen delako diosala egitera. Beharbada esan dut, noizbehinkako agerpen horiez gain, izan baita denboran zehar gure memoria kilikatu izan duen beste dokumentu bat ere: on Benantzio Amezti apaizak idatzitakoa, eta Sanz Enea liburutegiak eta Zarauzko Udalak argitaratua 2020. urtean. 

Kontua da, idatziak berean jarraitzen duela aldatu gabe, eta herrian ahoz kontatutakoak kondaira bihurtuz joan direla.

Badira Gustav ontziaren inguruan sortutako herriko kondairetan iraun duten hainbat elementu: ontziko zakurra, kapitainaren kataloxa, zarauztarren egur-nahia, ontziko kanpaia…

Gustav belaontziko zakurrari buruz behin eta berriro aipatzen da haren ausardia eta izaera basa; zaunka egin eta hortz-haginak erakutsiz, ez omen zion utzi inori ontzi hondarreratura igotzen. Hala dio on Benantziok ere: «…inor ez zen igotzera ausartu, txakurrak zaunka egiten baitzien etengabe, ontziaren defentsan». 

Kataloxari buruz, kondairak dio ontziko Zeplin kapitainak erregalu egin ziola lagundu zion norbaiti. Laguntza gehien eskaini ziotenak, dirudienez, ameztitarrak izan ziren, eta interprete-lanak egin zituena Lorentzo Basurto izan zen, ontziko pilotua. Basurto jaunari eskaini ote zion kataloxa? 

Hor badago ikertzeko gaia nahi duenarentzat…

Energiaren krisi garaietan bizi garen honetan, gaiaz asko entzun dugu, baina pentsatzekoa da lehen ere txakurrak oinutsik ibili ohi zirela. Zarauztar jendeak egurra egiten zuen hondarreratutako ontziaren zuraje, masta eta ontziko gainerako zurarekin; orduan ere ez zen erraza egurra eskuratzea! Hala dio on Benantziok: «…begien bistan azaltzen den bakoitzean norbait aizkorarekin joaten da materiala kentzera eta hartaz baliatzera…». 

Ontzian zegoan kanpai txikia, azkenik, ameztitarren etxean egon omen zen, Kontzeju Zaharra izeneko etxean, 1948. urtean eraitsi zutena gaur egun Modelo aretoaren eraikina egiteko. Ez dakigu noiz, baina Parrokiari erregalatu omen zion, azkenean, on Benantzioren aitak, eta Parrokiak Erruki-etxeari (Mixerikordia, zarauztarron hizkeran), eta «han jarraitzen du oraindik, ezkilategian», dio on Benantziok. Kondairak ere hori dio, Miserikordiako kanpaia Gustav ontziarena dela, baina denborak nahastu egiten ditu kontuak, aldatu, bihurritu, eta ez nago ados kondairarekin.

Miserikordiak bazuen dorretxo bat bere kanpaiarekin, eta 1981. urtean, eraikin zaharra eraitsi eta berria egin zenean, kanpandorre horren goiko atala etxetik at jarri zen, dorretxo txikitxo bat, bere kanpai eta guzti. Baina kanpai hori ez da Gustav ontziko kanpaia. Argi dio kanpaian bertan idatzitakoak: Caesaraugustanus Vargas donabit me - 1892.

Baina nor da Zaragozako Vargas delako hori?

Zarautzen ehungintzaren industria 1857an hasi zuen Pascual Madozek Fabril Linera sortu zuenean. Gero, etorri ziren beste hainbat tela-fabrika: Alberdi, Vargas, Berazadi, Lizundia… Horietatik lehenengoak Alberdirena (Alberdi millonarioa) 1897.ean, eta Vargasena (handik gutxira) izan ziren. 

Nire susmoa da Vargas horrek eskaini ziola kanpai berria 1892. urtean inauguratutako Erruki-etxeari. 

Non geratu zen Gustav ontziko kanpaia? 

Horra hor misterio txiki bat norbaitek argitu nahiko balu. Bitartean, aitzakia ederra duzue Zarauzko Udalak argitaratutako Gustav liburuxka irakurtzeko. Gomendatzen dizuet.