Oroitu

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2022ko uzt. 14a, 10:00

Artikulu hau idazten ari naizela behin eta berriz albiste da duela 25 urte Miguel Angel Blanco Ermuko Alderdi Popularreko zinegotzia ETAk bahitu eta hil zuela. Izan ere, oroitzeko eguna da, heriotza horrek zirrara handia eragin baitzion euskal gizarteari, eta garbi adierazi baitzuen, beste behin ere, zein anker eta gupidagabea izan daitekeen gizakia gerran, edo borrokan, itsuturik ari denean.


Ikus-entzunezkoek behin eta berriro gogora ekarri digute gertatua, eta beste behin ere uzkurtu egin zaigu bihotza ulertzen zaila den ekintza hartaz oroitzean. Bihotzaren alozetan sentitutako atximur hori ondo datorkigu gogoan eta begi-bistan izateko gizakiok zein modu ezustekoan bihur gaitezkeen borrero anker. Horretarako ere balio digu oroitzak.


Martxoaren 13an bete ziren 45 urte Zarautzen azken mende erdian jasandako izualdi handiena gertatu zela.


Igandea zen, eta, garai hartan ohikoa zenez, musika zegoen plazan (ez du alferrik izena Musika Plaza gure plaza ezagunenetako batek). Jende ugari zebilen dantzaldia amaitzear zen garaian; plazan bertan bai, baita inguruko taberna guztietan ere, jakina. Jendetza festa-giroan.


Bezperan, edo egun berean goiz aldera, ez dakit ondo, lau guardia zibil eta haietako baten andregaia R-12 batean dantzaleku batetik bueltan zetozela, pasatzen uzteko seinale batean geratu zirenean, tirokatu egin zituzten ehiza-eskopeta erdi automatiko batekin. Constantino Gomez Barcia guardia zibil gaztea (21 urte) hantxe akabatu zuten. Igande horretan bertan izan ziren (dirudienez) haren hiletak Arrasaten, eta, agidanean, hileta horietatik kuarteletarako bidean, herraz eta amorruz irakiten iritsi ziren Zarautzera lankidea lurpean utzi ondoren.


Antigoaleko jeep berdeetatik jaitsi, eta ke eta su sartu ziren herrian, gomazko pilotak eta ke-potoak jaurtiz eta esku-armak agerian. Batzuk uniformez jantziak, beste zenbait paisanoz edo kaleko jantziz. Inolako abisu eta abertentziarik gabe festa-giroan zebilen herriaren erdian sartu ziren tiroka. Jendearen izua ez da imajinatzen erraza. Kale nagusian zehar, gomazko pilota eta kezko potoez gain, benetako balak joan ziren alde batera eta bestera, fuego real deitzen zitzaion orduan. Ezaguna genuen. Urtebete lehenago (martxoaren 3an) bost hildako izan ziren Gasteiz hiriko Zaramagako elizan. 


Musika Plazako jendea tabernetan babesa aurkitu nahian zebilen. Alferrik. Guardia zibilek bi errenka luze egin eta haien erditik aterarazten zituzten bezeroak, tartean bizkarreko epelak partituz eromen hartatik ihes eginean zebiltzanei. Zenbait lekutan (Mondra tabernan, esaterako) egoerak denbora luzez iraun zuen, jende asko zegoelako, eta tirabira luzatu egin zelako. Izualdia luzatu egin zen, beraz, eta hark guztiak noiz amaitu behar zuen ez jakitea zen okerrena.


Egun hartan hainbat erakusleiho eta kristal txikitu zituzten. Kristal hautsien arratsalde bat. Ez Alemaniako beste hura adinakoa, agian, baina bai herriko bakea erabat hausteko adinako ekintza.


Urte askotan, Kale Nagusiko botika-denda bateko baskula-pisu batean agerian egon zen bala batek egindako trabeskako zuloa, errebotea zela esango nuke. Beste kale-kantoi batean oraindik geratzen dira bi bala-zulo, eta jakinez gero non begiratu gomazko pilota batek etxe-aurrean harrotutako beirazko lauzatxo txiki erorien aztarna. Horiexek, beharbada, izu-gau hartako azken arrastoak. Oroitu. 


Gizakion arrazoizko gainazala oso da mehea, eta azpian beste edozein piztiaren baino gogorragoa, ankerragoa eta irrazionalagoa den barren basatia dugu, herrak, gerrak edo izaera ankerrak azalera dezakeena. Oroitu.