Berandu, baina ez beranduegi

Joanes Amenabar 2022ko urr. 30a, 09:18

Joanes Amenabar azpeitiarrak honako gutun hau bidali du klima aldaketa gai hartuta. Besteren artean, energiaren kontsumo ereduaz, Ekindar kooperatibaz eta Piaspe proiektu eolikoaz aritu da solasean, gaur egungo egoeratik abiatuta.

"Martxa hontan bertan itoko gaituk, moteil!" edota "ja ez din neguik eiten, neska!" bezalako esaerak sarri-sarri iristen dira azkenaldi honetan nire belarrietara. Eta egoera kezkagarri baten ondorio diren arren, bere horretan ez dira horren komentario txarrak, jendea kontzientziatu eta zerbait egiten hasteko balio baldin badute.

Norbere azalean gauzak sentitzea bezalakorik ez dagoela diote, eta azkenaldian hori gertatzen ari zaigula dirudi. Aspaldidanik ari zaizkigu zientzialariak krisi klimatikoaren larritasunaz ohartarazten, gaur bertatik hasita zerbait egin behar dela esaten. Aurten bertan atera den Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (ingelesez IPCC) txostenak ere etorkizun latza jartzen digu begien aurrean.

Planetaren tenperatura jada (2020. urtean) 1,09 gradu igo dela esaten digute, eta ekidin ezina dela 1,5 gradu igotzea. 2050 urterako karbono neutraltasuna lortuko bagenu ere, ezingo genuke saihestu tenperatura 1,5 gradu igoera. Gas isuriak gaur egungo erritmoan mantenduta, berriz, mende amaieran tenperaturaren igoera hori 2,7 gradu izango dela aurreikusten dute. Horren eragina? Probabilitate eta zenbaki zerrenda luzean irakurlea ez galtzeko (hala nahi duena txostena irakurtzera gonbidatzen dut), horrela laburbilduko nuke: bioaniztasun galera ikaragarria (milaka espezie galduko lirateke), lehorte gehiago eta luzeagoak, uholde gehiago eta handiagoak, sute gehiago, bero-olatu gehiago eta gogorragoakā€¦ Eta eszenatoki txarrenean jarriko bagina, zientzialariak beraiek ere aurreikusteko gai ez diren egoera baten aurrean egongo ginateke, bizitza bera ere kolokan jarriko lukeena.

Baina esan bezala, txostenak, aurreikuspenak eta zenbakiak baino, ez dago klima larrialdiaren ondorioak benetakoak direla ikustea bezalakorik. Uda lehorra izan dugu, bazterrak hori-hori eginda ikusi ditugu, Nafarroa sutan ikusi dugu, eta zer esanik ez Espainian eta Portugalen izan dituzten suteez. Zertxobait urrunago joaten bagara, Txinan izandako uholdeek eta Indiako lehorteek aurtengo gari uzta asko kaltetu dutela irakurri dugu. Horrez gain, Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (ingelesez FAO) ohartarazi du Somalian eta Pakistanen izan dituzten lehorte eta uholdeen (hurrenez hurren) ondorioz, galdutako uzta faltak sortzen duen egoera kezkagarria dela.

Errealitate gordin honen aurrean, inork gutxik uka dezake iritsi dela zerbait egiteko garaia. Ez, barkatu, zerbait egiteko garaia jada pasatu zela, jada berandu gabiltzala, eta zenbat eta denbora gehiago pasa orain arte bezala, orduan eta mundu okerragoa utziko diegula gure seme-alabei.

Karbono neutraltasunera iritsiko bagara, lehenik, ezinbestekoa izango da energia kontsumoa jaistea. Jaistea baino, beharrezkoa izango da gaur egun dugun energia kontsumoa goitik behera eraldatzea. Norbanakoen bizimodua eta ohiturak aldatu beharko ditugu, baina ez hori bakarrik, garraioa, industria, elikadura, aisialdia edota beste hainbat sektore ere eraldatu beharko ditugu, ezinbestean.

Bigarrenik, erregai fosiletan oinarritutako energia sorkuntza alde batera utzi eta energia berriztagarrien aldeko hautua egin beharko dugu, hau ere ezinbestean. Bide honetan, badugu herrian harrera oso ona izan duen eta datozen egunotan martxan jarriko den proiektu bat: Ekindar.

Baina azken asteotan kalean dabilen gaia haize erroten proiektuarena da: Piaspe. Oraindik proiektua azterketa fasean dagoen arren, egingarria den ere ez dakigun arren, normala eta osasuntsua da horrelako balizko proiektu batek eztabaida eta kezka sortzea. Nola ez, denoi sortzen digula esango nuke. Bada, herri bezala erronka polita daukagula uste dut. Ea gai garen konfrontazioan erori gabe gai konplexu hau behar bezala lantzeko. Ea entzuten ditugun batzuen eta besteen arrazoiak, elkarrizketa eraikitzaileak eduki eta proiektu honen norabidea herritarron artean definitzeko. Ea osatzen dugun herritarren borondatearekin bat datorren proiektu bat, edo proiektua bera bertan behera utzi, hori baldin bada herritarren borondatea. Ea lortzen ditugun herritarren iritzia entzuteko bide eta tresna egokiak, garaia iritsitakoan hala beharko balitz, herri galdeketaren bidea bera ere baztertu gabe. Egin ditzagun gauzak soseguz, errespetuz eta modu eraikitzailean, asko baitago jokoan.

Gure ohiturak aldatuz, energia kontsumoa jaitsiz eta energia berriztagarrien alde eginez, saia gaitezen gure ondorengoei guk jaso dugun bezalako mundu bat edo hobea uzten; okerragoa ez, behintzat. Goazen bada lehenbailehen, berandu goaz eta!