Santa Zezilia egunaren bueltan, kontzertu sorta antolatu dute eskualdean

Orion, Danbolin Musika Eskolako ikasleak, Santa Zezilia eguna ospatzen. (Hitza)

Musikarien eguna ospatzeko kalera atera ohi dira eskualdeko musika ikasleak eta abesbatzetako kideak .Datozen egunetan zehar, emanaldi ugari egingo dituzte eskualdeko hainbat herritan.

Azaroaren 22a Santa Zezilia eguna da, musikarien eguna, eta eskualdeko musikariak eta abesbatzetako kideak kalera aterako dira, beren doinuekin herriko txokoak eta kaleak girotzera.

­Gaur egingo dituzte Santa Zezilia eguneko lehen emanaldiak Zumaian eta Zarautzen. Zumaian, 20:00etarako, Arineketan izeneko kontzertua antolatu dute, eta Zarautzen, berriz, Txinpirin eta Zarazte haur eta gazte abesbatzek kontzertua eskainiko dute, 19:30ean hasita, Merkatu Plazan.

Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egingo dituzte ekitaldiak datozen egunetan.

EGITARAUA

Aizarnazabal

  • Azaroak 22, asteartea. 17:00etan, Alaitsu elkartearen kalejira eta emanaldia udaletxe aurrean.

Azkoitia

  • Azaroak 20, igandea. 12:00etan, udal musika bandaren kalejira.
  • Azaroak 25, ostirala. 17:00etan, Bizkargi eskolakoen kontzertua, Elkargunean.  

Azpeitia

  • Bihar, larunbata. 19:00etan, Udal Musika Bandaren kontzertua, Sanagustinen.
  • Azaroak 23, asteazkena. 19:00etan, Juan Antxieta eskolakoen emanaldia, Soreasun.

Getaria

  • Azaroak 20, igandea. 09:30ean, Getariako Musika Bandaren diana; eta 12:30ean, kontzertua, Salbatore Deuna elizan.
  • Azaroak 22, asteartea. 09:30ean, herriko musika bandaren kalejira.

Orio

  • Azaroak 22, asteartea. Danbolin musika eskolako ikasleen kalejira, 17:15ean hasita. Gero, ekitaldia, Herriko Plazan.
  • Azaroak 26, larunbata. Salatxo abesbatzaren Santa Zeziliako kontzertua, 12:00etan, plazan.

Zarautz

  • Gaur, ostirala. 19:30ean, Txinpirin abesbatza eta Zarazte abesbatzen kontzertua, Merkatu plazan.
  • Bihar, larunbata. 12:30ean hasita, Zarautz abesbatzaren eta ZarautzTrik taldearen kantu-jira.
  • Azaroak 22, asteartea. Zarautz abesbatzak, herriko kantariek eta herriko txistulariek kaleak alaituko dituzte, 19:30ean hasita.
  • Azaroak 24, osteguna. Musika eskolako ikasle eta irakasleen kalejira eta Musika Plazan emanaldia, 17:15ean. 

Zestoa

  • Bihar, larunbata. 20:00etan, Bandaren Santa Zeziliako kontzertua, Arkupetan.
  • Azaroak 22, asteartea. 17:30ean, Ertxiñakoen kalejira eta ekitaldia plazan.

Zumaia

  • Gaur, ostirala. 20:00etan, Arineketan kontzertua, Aita Marin.
  • Bihar, larunbata. 20:00etan, San Pedro abesbatzaren kontzertua In aeternum, parrokian.
  • Azaroak 20, igandea. 10:00etan, Udal Txistulari Bandarekin kalejira; 11:00etan, Beheko Plaza abesbatzak meza nagusian abestuko du.
  • Azaroak 21, astelehena. 19:00etan, musika eta dantza eskolakoen ekitaldia, Zumaienan.
  • Azaroak 26, larunbata. 19:00etan, Zumaiako Musika Bandaren saioa, Zumaienan.