Euskararen etxeko erabilerak beheraka jarraitzen du Urola Kostan

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 18a, 16:31
Euskararen etxeko erabileraren bilakaera Urola Kostan, grafika batean jasota.

Uemak Eustaten Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan oinarrituta egin duen azterketaren arabera, ia 16 puntu jaitsi da etxeko erabilera azken hogei urteetan, eta bost puntu egin du behera 2011tik 2021erako epean. Eskualdeko 11 herrietan egin du behera datu horrek, baita lehen hizkuntza euskara duten biztanleenak ere. Euskaldun kopuruari dagokionez, berriz, sei herritan jaitsi egin da zenbatekoa, eta bostetan igo.

Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuaren 2021eko datuak plazaratu zituen Eustatek urriaren amaieran, eta datu horietan oinarrituta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakaera aztertu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema). Udalerri euskaldunak dira Uemarentzak euskaldunen kopurua %70etik gorakoa dutenak, eta hor kokatzen dira Urola Kostako 11 udalerriak. Beste sailkapen bat ere egiten du mankomunitateak, euskaldunen kopuruak %80ko langa gainditzen duen herriak laugarren gune soziolinguistikoa deritzonean kokatuz; eskualdean zazpi dira ezaugarri hori betetzen duten udalerriak: Aia, Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria eta Zestoa.

Biztanleen hizkuntzaren ezagutzaren, lehen hizkuntzaren eta etxeko hizkuntza erabileraren datuak jaso ditu Eustatek, eta horien bilakaera aztertuta osatu du txostena Uemak. Ondorioak ez dira baikorrak euskararentzat: atzeraka doa euskararen erabilera udalerri euskaldunetan, eta "galera nabarmena" da, mankomunitatearentzat. Euskararen ezagutzaren azken 40 urteetako datuak daude jasota azterketan, eta herritarrek etxean jaso duten lehen hizkuntza zein den eta etxean zer hizkuntza erabiltzen duten dioten datuak, berriz, azken 30 urteetakoak dira. "Udalerri euskaldunen kopurua areagotzen ari da, ezagutzak gora egin duen udalerriak ari direlako %70eko langa gainditzen. Oro har, ezagutzaren beheranzko joera eten egin da udalerri euskaldunetan, baina aurreko urteetako galera ez da berreskuratu, eta horrek ondorio nabarmenak ditu euskararen erabileran. Zehazki, etxeko erabileraren beherakada gero eta nabarmenagoa da, eta galera hori ez da eten oraindik".

Urola Kostako udalerrien argazkia

Urola Kostako udalerriak ez daude joera orokorretik salbu. Euskararen ezagutzarena, euskaldun kopuruarena, da azken hamarkadetan guztiz beheraka egin ez duen datu bakarra. 1981eko eta  2021eko kopuruak alderatuta, Aian (%93,6tik %86,1era), Aizarnazabalen (%93,6tik %83,5era), Beizaman (%99,4tik %90,6ra), Errezilen (%96tik %93,1era) eta Getarian (%91,1etik %81,5era), ia guztiz euskaldunak ziren bost udalerrietan, egin du behera ezagutzaren datuak; Azpeitian (%82,9 1981ean, %83 2021ean) eta Orion (%75,2 1981ean, %75,1 2021ean) mantendu egin da; eta hazi egin da Azkoitian (%72,9-%76,1), Zarautzen (%63,8-%73,4), Zestoan (%81,1-%83,5) eta Zumaian (%59,1-%74). Hala ere, kontuan hartu behar da ezagutza igo egin zela ia herri guztietan 1981etik 1991rako epean –modu aipagarrian, gainera, herri batzuetan–. Aldiz, euskaldun kopuruak beherakada nabarmena izan zuen 2001 eta 2011 arteko epean Urola Kostan; ezagutzaren beheranzko joera moteldu egin da azken hamar urteetan, baina herri euskaldunenak dira euskaldunen kopuruan jaisten jarraitzen dutenak.

Ezagutzarenak ez bezala, lehen hizkuntza euskara duten herritarren datuaren beherakadak ez du etenik 2001etik gaur arte Urola Kostan. Beherakada horren koska handiena, ezagutzarena bezala, 2001tik 2011rako tartean eman zen, baina azken hamar urteotan ere sendo jarraitzen du beherakadak eskualdeko herri gehienetan. Orion 5,5 puntu, Zestoan bost eta Getarian ia bost (4,9) egin du behera lehen hizkuntza euskara dutenen tasak azken hamarkadan. Galerarik txikiena, berriz, Zumaian izan dute, ez baita puntu erdira iristen; eta Zarautzen ere puntu batetik beherakoa da jaitsiera.

Etxean euskara erabiltzen dutenen tasari dagokionez ere, Urola Kostako udalerri guztietan egin du behera tasak, galerarik handiena 2001-2011ko tartean sumatu zen, baina 2011ko eta 2021eko datuak alderatuta, beheraka jarraitzen du tasak. Eskualdeko biztanle gutxien dituen udalerrian, Beizaman, 9 puntu jaitsi da euskararen etxeko erabilera hamar urtean, eta 21,5, azken hogei urteak kontuan hartuta. Lehen hizkuntza euskara dutenen tasan ez ezik, Orio (6,7 puntuko jaitsiera 2011tik 2021era), Getaria (5,9) eta Zestoa (5,3) nabarmentzen dira etxeko erabileraren atzerakadan ere; Azkoitia eta Azpeitia 5 punturen galeraren mugan daude, eta Zumaian gertatu da beherakada apalena, 0,4 puntukoa. 1991n, 81, 19an zegoen euskararen etxeko erabilera Urola Kostan, 79,66an 2001ean, 68,25ean 2011n, eta 63,25ean iaz.

Uemaren azterketa osoaren ondorioetako bat da herri euskaldunenetan izaten ari dela nabarmenenan euskararen galera, eta Urola Kostara etorrita, joera beretsua dela egiaztatzen dute datuek.

Urola Kostako herrietako biztanleen hizkuntzaren ezagutzaren, lehen hizkuntzaren eta etxeko hizkuntza erabileraren datuak ikus daitezke beheko koadroan:

Hemen irakur daiteke Uemaren txosten osoa.