Euriak ez du AEKalean zapuztu

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 19a, 18:50

Urola Kostako AEKak herritarrei urtero eskaintzen dien ekitaldiak ez du eguraldia lagun izan, baina antolatzaileak pozik agertu dira parte hartzaileak uste baino gehiago izan direlako.

Hamarnaka lagun gerturatu dira Zarauzko Musika plazara AEKalean ekimenak erakarrita. Bertaratuek zuzeneko musikaz gozatu dute Biga Bob Railroad eta Keia taldeek eskainitako kontzertuekin eta mokadutxoa jateko aukera ere izan dute. Hori bai, euriaren ondorioz, estalki azpian pilatu dira guztiak.

Urola Kostako AEKak herritarrei urtero eskaini nahi izaten dien jarduera da AEKalean eta San Tomas egunaren bueltan antolatzen dute normalen. Aurten, ordea, azarora aurreratu dute. Euriak eguna goibeldu du, baina ez du lortu festa zapuztea. Zentzu horretan, antolatzaileak pozik agertu dira herritarren erantzuna uste zutena baino hobea izan delako. Azaldu dutenez, 35 lagunek hartu dute parte herriko eraikin historikoak ezagutzeko bisita gidatuetan eta bi talde egin behar izan dituzte.