Azaroak 25

Urolako Komunikazio Taldeak bat egiten du indarkeria matxistaren aurkako aldarriekin

Urolako Komunikazio Taldea 2022ko aza. 25a, 08:16
(Diseinua: IƱaki Martinez)

Azaroak 25 egunaren harira, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko konpromisoa duela adierazi nahi du Urolako Komunikazio Taldeak. I. Berdintasun Planaren barruan, sexu jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokoloa onartu du aurten kooperatibak.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, Azaroak 25. Egun seinalatua da gaurkoa berdintasunaren aldeko borrokan, nazioarteko hainbat herrialdetan. Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) ere bat egiten du milioika herritarrek zabalduko duten aldarriarekin.

Herritar guztientzat aukera berdintasuna bermatuko duen gizarte parekide eta justuago batean sinesten du UKTk, eta horren erakusle da kooperatibako Berdintasun batzordeak 2021. urtean abian jarri zuen I. Berdintasun Plana. Aurten, gainera, sexu jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokoloa onartu berri du kooperatibak, eta berdintasuna lortzeko bidean gauzatu beharreko beste hainbat ekintza ere zehaztu ditu.

Gaur eskualdean izango diren ekitaldien berri emateaz gain, indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa eta hori gaitzesteko betebeharra duela berretsi nahi du UKTk beste urte batez.