Eskualdea "erakargarri" egiteko helburuak zehaztu dituzte Iraurgi Berritzen Sarearen Topaketetan

Andoni Elduaien 2022ko aza. 24a, 19:16
Iraurgi Berritzen Sarearen Topaketetan parte hartu dutenak. (Iraurgi Berritzen)

Lankidetza gobernantzan oinarrituta, sektore desberdinetako eragileak bildu ditu Elkarrekin Urola Erdia Eraldatzen 2022-2027 plan estrategikoaren hausnarketa prozesuak. Guztira, Urola Erdirako bost helburu eta hemeretzi lan lerro finkatu dituzte eragileek datozen bost urteetarako.

Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziak IB Sarearen XX. Topaketak egin ditu gaur, osteguna, Loiolako Gogartetxean. Agentziarekin batera, Urola Erdiko enpresek, ekintzaileek, ikastetxeek, merkatari elkarteek eta enplegu nahiz turismo ordezkariek parte hartu dute topaketan, baita bailarako udaletako ordezkariek ere; Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako udal ordezkariak izan dira gaur Loiolan.

Eskualdea "erakargarri" bihutzeko helburuarekin, hausnarketa estrategiko bateratua garatu dute eragile horiek guztiek azken hilabeteetan, eta horren emaitza da Elkarrekin Urola Erdia Eraldatzen 2022-2027 plan estrategikoa. Hain justu, gaur aurkeztu dituzte plan estrategikoa eta hori hedatzeko proposamena. Guztira, 117 lagunek eta 76 eragilek parte hartu dute prozesuan, eta lan dinamika ezberdinetan banatuta, datozen bost urteetarako sei helburu finkatu dituzte: eskualdearen egitura nahiz izaera lantzea eta eragileen arteko lankidetza indartzea; azpiegituren sistema indartzea; jarduera ekonomikoa babestea, sortzea eta eraberritzea; eskualdeko hezkuntza eta prestakuntza sistema indartzea; trantsizio ekologikoa bultzatzea, eta enplegu duinaren eta kalitatezkoaren oinarriak sendotzen jarraitzea.

Era berean, helburu horiek lortzeko bideorria ere jaso dute planean, eta horretarako, hemeretzi lan lerro zehaztu dituzte: eskualde izaera sendotzea; lankidetza sarea indartzea; mugikortasuna eta osasun zerbitzuak hobetzea; industriako azpiegitura berriak sortzea nahiz industrian lehiakortasuna sustatzea; turismoa indartzea; tokiko kontsumoa eta bertako elikagaien ekoizpena indartzea; merkataritza eta ostalaritza alorrak sendotzea; ekintzailetza sustatzea; hezkuntzan eragitea; trantsizio ekologikoa bultzatzea, eta kalitatezko enplegu duina sendotzea.

Eragileen arteko elkarlana

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Iraurgi Berritzeneko presidenteak ireki ditu topaketak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nahiz Gipuzkoa mailako erronka sozioekonomikoak eta lankidetza gobernantzaren ereduak aurkeztu dituzte Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak eta Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorrak.

Segidan, Begoña Beobide Iraurgi Berritzeko zuzendariak Urola Erdiko hausnarketa prozesuaren emaitzen berri eman du, eta hark adierazi du eskualdeko erronkak Gipuzkoa mailakoekin eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa mailakoekin "lerrokatuta" daudela. Zuzendariak berak azaldu du, halaber, plan estrategikoaren hedapena eta exekuzioa bermatzeko garapen agentziak aurreikusita duen kudeaketa eredua zein den. Dena den, plana martxan jartzeko "eragile ezberdinen arteko elkarlanak izan duen garrantzia" azpimarratu nahi izan du Beobidek. Iraurgi Berritzen Sareak hedatuko ditu plan estrategikoaren emaitzak, eta agentziak aktibatuko ditu lan lerroen nahiz ekintzen garapenaz arduratuko diren lantaldeak. Azken urteetan egin bezala, plan estrategiko berriaren garapena lankidetza gobernantzan oinarrituta gauzatuko dute, eta haren jarraipena Iraurgi Berritzen Sarea Kontseiluak egingo du.

Gaurko topaketak itxi aurretik, Ana Azkoitia eta Leire Goenaga Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako zinegotzi eta Iraurgi Berritzen Kontseiluko kideek, azaldu dituzte organo horrek izango dituen berrantolaketak zein diren. Azkoitiak eta Goenagak nabarmendu dute aurrerantzean garapen agentzia osatzen duten arlo guztietako ordezkariekin osatuko dutela Kontseilua. Ekitaldia itxi duena Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko presidenteordea izan da.