Gurutze Gorriak egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jolasak eta jostailuak bilduko ditu

Andoni Elduaien 2022ko abe. 1a, 08:45

'Jostailu hezitzailea' kanpainaren barruan kokatu du Gazteen Gurutze Gorriak egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailuen eta jokoen bilketa. Horiek Gurutze Gorriaren Azkoitiko egoitzan uzteko aukera dago, eta bestela, dohaintzak egiteko aukera ere eskainiko dute.

Gazteen Gurutze Gorriak egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailuak eta jokoak bilduko ditu. Jostailu hezitzailea kanpainaren barruan kokatu du Gurutze Gorriak jostailu eta joko bilketa, eta modu horretan, 0 eta 18 urte bitarteko haurren jolaserako eskubidea bermatu nahi dute.

Jokoen eta jostailuen erabilera hezkuntzarako tresna gisa sustatzea nahi du erakundeak. Eskolarako zein familia ingurunerako jostailua "balioak transmititzeko tresna baliagarria" dela uste du Gurutze Gorriak, baita "norbanakoaren garapenerako" ere. "Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, COVID-19aren krisiak okerreko eragina izan du Gurutze Gorriaren laguntza jasotzen duten familia askoren artean. Etxe horietako haurrek eta gazteek jolasteko zailtasunik izan ez dezaten, are garrantzitsuagoa da kanpaina hau".

Gurutze Gorriaren esanetan jostailuak ez dira soilik haurrentzako eta gazteentzako aisialdirako iturriak; "komunikatzeko edo harremanak izateko gaitasunak hobetzen" ere laguntzen dute. "Garrantzitsua da haur bakoitzak jostailu bat izatea, eta familiak nahiz inguruneak ulertzea zergatik eduki behar dituzten". Erakundearen iritziz, "jolasteko eskubidea berdina" da haur guztientzat, horien egoera edozein dela ere.

Jostailu bilketa eta dohaintzak

Gurutze Gorriak jostailu "ez-belikoak", "ez-sexistak" eta "heziketarako baliagarriak" jaso nahi ditu; izan ere, "errespetu eta lankidetza jarrerak" bultzatzea da haien asmoa. Joko edo jostailuren bat eman nahi dutenek, Azkoitiko Gurutze Gorriaren egoitzara joan beharko dute (Ugarte Industrialdea). Informazio gehiago jaso nahi duenak, berriz, azkoitia.gizartezerbitzuak@cruzroja.es posta elektronikora idatzi beharko du, edo 617 60 09 16 telefonora deitu. 

Dena den, erakundeak dohaintzak ere jasoko ditu, eta bildutako dirua egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailuak erosteko baliatuko du. Dohaintzak egiteko aukera Gurutze Gorriaren webgunean dago. Era berean, Bizum aplikazioaren 'Eman' atalean 01376 kodea sartuta, 900-10 49 71 telefono zenbakira deituta edota 38088 telefono-zenbakira Jostailu hitza idatzita telefono mezu labur bat bidalita ere egin ahalko da dohaintza.