Euskara arnas

Euskararen defentsa, errespetuz

Ihintza Elustondo-Mireia Galarza 2022ko aza. 30a, 10:00
Mari Karmen Arregi eta Arrate Makazaga, Aizarnazabalgo eskolan. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Gero eta etorkin gehiago bizi da eskualdean, eta horrek euskararen erabileran eragin du. Horren harira, kulturartekotasun proiektuak jarri dituzte martxan Aian, Aizarnazabalen eta Zestoan.

Gizartea aldatzen ari da. Gero eta jende gehiago etorri ohi da atzerritik eskualdeko herrietara bizitzera, eta nahi ala ez nahi, euskaraz ez dakiten pertsonak herrietan txertatzeak eragina du komunitatearen hizkuntza ohituretan. Aspaldi hasi ziren horretaz jabetzen Urola Kostako zenbait herritan: besteak beste, eskoletan nabaritu dute euskararen erabilera murrizten ari dela urtez urte, batez ere, jolas garaian. Kezka horretatik abiatuta, kulturartekotasuna lantzeko proiektuak jarri dituzte martxan Aiako, Aizarnazabalgo nahiz Zestoako ikastetxeetan. Pertsona eta kultura guztiak errespetatuz, euskararen erabilera ez kaltetzeko neurriak hartzea da helburua.

AIA

Aiako Lardizabal eskolako kezkak eskualdeko beste hainbat ikastetxetako berberak dira. Jexux Goikoetxea zentroko zuzendariaren arabera, Aian duela hamar urte inguru hasi ziren aldaketa sumatzen eta euskararen erabilerari dagokionez lehen kezkak elkarbanatzen. Hark adierazi duenez, hasierako kezka haiek baieztatzen ari dira azken garaiotan, eta gaur egun, geroz eta gehiago entzuten da gaztelera geletan edo jolas orduetan. "Duela gutxi arte euskararen gotorlekua zen eskola, baina orain kolokan jartzen ari da dena, eta ume batzuk erdaraz hitz egiten suma ditzakegu eskola barruan ere", gaineratu du.

Aldaketaren arrazoiei buruz galdetuta, Goikoetxeak ez du uste faktore bakar bat izan denik. "Lehendik ere pixka bat erlaxatuta geundela iruditzen zait, oso ohikoa baita euskaldunak gazteleraz entzutea", adierazi du. Horri gehitu behar zaizkio, haren esanetan, kanpotik Aiara bizitzera etorri direnen hizkuntza ohiturak, nahiz eta batzuek "txalotzeko moduko ahalegina" egiten duten euskara ikasteko. Kultur kontsumoko erreferenteetan ere jarri nahi izan du azpimarra: "Haur txikiak erdarazko abestiak goitik behera abesten ikusten ditugu. Euskarak gero eta tarte txikiagoa du kontsumo horretan", erantsi du. 

Egoerari buelta ematen hasteko, Lardizabal eskolan euskarazko errefortzu klaseak ari dira eskaintzen, bai eskola orduetan, bai horietatik kanpo. Gurasoen artean, euskaraz ikasi nahi dutenentzako kanpaina bat ere jarri dute martxan, eta talde bat animatu da parte hartzera. Gurasoak aipatuta, horien lana eskertu nahi izan du zuzendariak. "Garbi dago eskolak bakarrik ezin diola egoerari buelta eman; kontu honek denon lanketa eskatzen du. Bide horretan, Aiako Udala, kirol eta aisialdi taldeak edo herriko hainbat talde ere batu dira proiektura", gehitu du. 

Goikoetxearen esanetan, "aurrerapauso txikiak" nabari dira dagoeneko, baina "lasterketa oso luzea" dela dio, "etengabeko esfortzua" eskatzen duena. "Kezkatuta bakarrik ez dugu ezer lortzen, konpromiso txikiak hartu behar dira. Adibidez, euskaraz bizi den emakume errusiar baten bisita jasoko dugu Euskararen Egunean ikastetxean, eta horren bitartez, hizkuntza eta gure herria lotu nahi ditugu". Garbi utzi du Goikoetxeak: "Euskarari prestigioa eman nahi diogu".


AIZARNAZABAL

Aizarnazabalen ere ohartu dira herri giroan nahiz eskolako eremuan euskararen erabilera jaisten ari dela, Mari Karmen Arregi alkateak azaldu duenez. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da Aizarnazabal, eta komunitate horretako kideei jakinarazi zieten zein zen beren kezka. Hala, iaz hasita, kulturartekotasuna lantzeko proiektu bat garatzen ari dira herrian, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker eta Huhezirekin –Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea– elkarlanean.

Arrate Makazaga Aizarnazabalgo Basakaitz ikastetxeko zuzendariak adierazi duenez, euskara ardatz izanik, kulturartekotasuna lantzea da egitasmoaren helburua. Izan ere, bertan jaiotakoak eta kanpotik etorritakoak elkartzean, ohartu ziren zenbait "egoera deseroso" sortu ohi zirela ikastetxean; besteak beste, konturatu ziren, guraso bilerak euskaraz eginez gero, zenbait gurasok ez zutela esandakoa ulertzen eta "pixka bat baztertuta" sentitzen zirela.  "Helburua da euskara dakitenek eta ez dakitenek momentu berean informazio bera jasotzea, inor baztertuta ez sentitzeko. Badaude hori ahalbidetzen duten tresnak, eta horiek martxan jartzen ari gara". 

Hizkuntzak eragindako egoera deseroso horiek saihesteko, oinarri batzuk finkatu dituzte ikastetxean. "Euskara dakigunok eta ez dakitenek, denok, esfortzu bat egin behar dugu. Dakigunok ere ahalegin bat egin behar dugu; bestela, bi aldeetako bat baztertuta sentituko da. Denok eroso sentituko garen espazio bat eraikitzea da asmoa", esan du zuzendariak. 

Hori lortzeko, Telegram aplikazioa baliatzea gomendatu zieten proiektuaren sustatzaileek. Izan ere, itzulpen automatikoa baliatzeko aukera ematen du aplikazio horrek. "Adibidez, euskaraz egiten ditugu guraso bilerak, baina bileran esaten direnak gaztelaniara itzultzen ditu pertsona batek unean bertan, aplikazioaren bidez. Hala, euskara ez dakitenek ere unean bertan ulertzen dituzte bileran esandakoak, gero azalpenak emateko zain egon gabe". 

Oraingoz, gaztelaniara soilik itzuli dituzte bilerak eta eskolako eremuan bakarrik probatu dute Telegram aplikazioaren baliabide hori, baina asmoa da hizkuntza eta espazio gehiagotan ere probatzea. Izan ere, badaude euskara eta gaztelania ulertzen ez dituzten gurasoak eta herritarrak. 

Makazagaren arabera, "pertsona eta kultura denak kontuan izan eta harremanak sendotzea" nahi dute. "Aizarnazabal herri txikia da, baina hala eta guztiz ere, herrian taldeak sortzen ari zirela antzeman genuen. Hizkuntza integraziorako elementu oso garrantzitsua da, eta gaur egun, teknologiari esker, badaude halako egoerei buelta emateko tresnak".

Bi aldeek, euskara dakitenek eta ez dakitenek, oso ondo baloratu dituzte itzulpen automatikoaren bidez egindako bilerak. "Euskaldunek ondo baloratzen dituzte, euskaraz egin ahal izan direlako saioak, eta ez dakitenek ere ondo baloratzen dituzte, besteekin batera jarraitu ahal izan dituztelako azalpenak". 

Denak ondo sentitzea giltzarria da Arregiren eta Makazagaren ustez, pertsonen arteko distantziak murrizteko eta euskararekiko jarrera baikorra garatzeko bidean. Izan ere, gogorarazi dutenez, hizkuntza batekiko jarrera positiboa lantzen bada, etorkizunean jende gehiagok ikasten eta erabiltzen du hizkuntza hori. 


ZESTOA

Zestoako Herri Ikastetxean ere Aizarnazabalgo bide bera ari dira jorratzen. Amaia Manterola zuzendariak azaldu duenez, haiek ere "oso kezkatuta" daude egungo errealitatearekin. "Zestoa udalerri euskalduna da, arnasgunea, baina kanpotik jende asko etorri da, eta horrek hizkuntzaren erabileran eragina izan du. Ikusi dugu euskararen erabilera jolas garaian asko murriztu dela eta gaztelania asko entzuten dela". Horren aurrean, erantzun beharra sentitu dute. "Ikusten genuen zerbait egin behar genuela, baina ez eskolan bakarrik, herri mailan baizik". Hala, Euskara Foroa sortu zuten Zestoan, eskolak, udalak, talde eragileek eta herritarrek bat eginda. Ondoren, Jaurlaritzaren dirulaguntza deialdia aprobetxatuz, gaia Uemarekin eta Huhezirekin batera lantzea erabaki zuten Zestoan ere. 

Manterolaren arabera, hainbat azalpen eman dizkiete etorkinei. "Guretzat euskara zeinen garrantzitsua den ikusarazi nahi diegu, euskara zergatik bultzatu nahi dugun uler dezaten". Behin azalpen orokor batzuk emanda, akordio batzuetara iritsi dira haiekin, "errespetuan oinarrituta": eskolako nahiz herriko bilerak euskaraz egingo dituzte, baina itzulpen automatikoa baliatuko dute, Telegram bidez. 

Eskolako gurasoek "oso ondo" baloratu dute proiektua. Momentuz, euskaratik gaztelaniara egin dituzte itzulpenak, baina laster arabierarekin ere probatzea da asmoa. Herrian ere txertatu dituzte aldaketa batzuk, eta pausoz pauso, bide horretatik jarraitzea da helburua. "Beren kultura errespetatuz, euskara hainbeste zergatik defendatzen dugun uler dezaten nahi dugu".