Joseba Beristain musikagileak eta Telmo Irureta aktoreak izendapen bana eskuratu dute Goya sarietarako

Maria Maya Manterola | Andoni Elduaien 2022ko abe. 1a, 12:19
Irureta Fernando Francoren filmean, Veleria Sorolla alboan duela.

Gaur, osteguna, jakinarazi ditu Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak 37. Goya sarietarako izendapenak: musikari azkoitiarrak Jatorrizko abesti onenaren izendapena lortu du, eta aktore zumaiarrak, Aktore berri onenarena. Sari banaketa ekitaldia otsailaren 11n egingo dute, Sevillan.

Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak gaur, osteguna, jakinarazi ditu 37. Goya sarietarako izendapenak, eta horien artean dira Telmo Irureta aktore zumaiarra eta Joseba Beristain musikagile azkoitiarra. 

Agertokietan zein pantailetan urte oparoa izan du Telmo Iruretak. Sexberdinak antzezlanean oholtza gainean egindako interpretazioarengatik Besarkada saria eman zion urrian Euskal Aktoreen Batasunak, eta orain, Donostiako Zinemaldian estreinatu zen La consagración de la primavera filmean egindako lanagatik etor dakioke beste sari bat. Izan ere, Aktore berri onenaren Goya saria eskuratzeko hautatu dute, Albert Bosch (Alcarràs), Jordi Pujol Dolcet (Alcarràs), Mikel Bustamante (Cinco lobitos), Christian Checarekin (En los márgenes) batera. 

Eszenatokietan, telebistan eta film laburretan aritua da Irureta, baina Fernando Franco zinemagilearen lana da La consagración de la primavera da bere lehen film luzea. Garun paralisia duen David pertsonaiaren azalean sartu da aktore zumaiarra filmean, eta Laura (Valeria Sorolla) gaztearekin duen harremana kontatzen du.

Beristainek, berriz, Unicorn Wars filmerako ekoitzi duen Batalla musikagatik lortu du Jatorrizko abesti onenaren izendapena. Dena den, Alberto Vazquezek zuzendu eta Ivan Miñambresek ekoitzi duen filmak Animaziozko film onenaren izendapena ere lortu du.

Urrian estreinatu zuten Unicorn Wars helduentzako animaziozko filma Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldian eta Sitgeseko Naziarteko Zinemaldian. Halaber, Vazquez, Miñambres eta Beristain bera Los Angeleseko (AEB) Grauman's Chinese Theatre antzoki txinatarrean izan ziren filma aurkezten, Animation Is Film zinema jaialdia aitzakia hartuta. Modu horretan, Oscar sarietarako hautagaitza kanpaina hasi zuten han.

Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak banatzen ditu Goya sariak. 37. edizioa da aurtengoa, eta 2023ko otsailaren 11n egingo dute sari banaketa ekitaldia, Sevillako (Espainia) FIBES Erakusketa eta Kongresuen jauregian. Izendatu dituztenek ordura arte itxaron beharko dute sariak eskuratuko dituzten ala ez jakiteko.