Xabier Leteren lirika guztia jasotzen duen bilduma landu dute Alex Gurrutxagak eta Lourdes Otaegik

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 3a, 14:00
Alex Gurrutxaga, Lourdes Otaegi, Markel Olano eta Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalapartako editoreak. (Gipuzkoa.eus)

Orain, hiru liburukitan osatutako bilduma argitaratu dute euskal bost argitaletxek elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Xabier Leteren heriotzaren 12. urteurrenaren atarian, haren poesia eta lirika oro jasotzen duen Poema eta abesti guztiak bilduma argitaratu dute Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta argitaletxek, lankidetzan egindako edizio batean. Unibertsitateko irakasle eta Leteren obran adituak diren Alex Gurrutxaga zarauztarra eta Lourdes Otaegi beizamarra arduratu dira lan hau aurrera eramateaz. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du argitalpena, eta argitaletxeek Euskal Editoreen Elkartearen laguntza izan dute koordinazioan.

Bi ikerlariak poetaren lanak biltzen aritu dira, behar ziren zuzenketak egiten eta guztia txukun-txukun atontzen, eta zeregina gauzatzeko garaian, eskura izan dute poetaren eskuizkribuak eta paper pribatuak biltzen dituen Xabier Lete Fondoa. Gainera, ehun orri baino gehiagoko sarrera jori eta aberats bat ere idatzi dute. "Edizioa egiterakoan hartu ditugun erabakiak eta egin ditugun moldaketak ere agertzen ditugu", azaldu zuten osteguneko aurkezpen ekitaldian.

Horrez gain, adierazi zuten irakurle orokorrarentzat "Lete ezagun bat" badagoela, kantuak sortu eta abestu, bertsoak kantatu eta poema liburu gero eta landuagoak eta espiritualagoak egin zituena. "Hain zuzen ere, azaldu nahi genuen nola Leteren obra, ertz eta konplexutasun handiko  bilakabide artistiko hori, estasi-une eta etsipen latzeko amildegietan osatu zen. Esplikatu beharra zegoen hori zerk eraginda gertatzen zen. Horretan saiatu gara", nabarmendu zuten.

Bildumari dagokionez, hiru partetan edo liburukitan banatu dute Leteren lan lirikoa, kutxa batean bilduta. Lehen liburukian Xabier Leteren  gazte garaiko poesia aurkitu daiteke. Bigarrenean, isilaldi luze baten ostean, Leteren helduaroko poesiagintza biltzen da; eta, hirugarrenean han-hemenka argitaraturiko poesia eta argitaratu ez zituen zenbait lan jaso dituzte.