Zabalik da Zaindu Urola Kosta prestakuntza ekimeneko izen ematea

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 4a, 12:30

Zaintza alorrean lan egin nahi duten eskualdeko herritarrei zuzendutako prestakuntza da Udal Elkarteak aurten hasi eta 2024 artean eskainiko duena. Abenduaren 14ra bitarte eman daiteke izena.

Zabalik da UKUE Urola Kostako Udal Elkartearen Zaindu Urola Kosta prestakuntza ekimeneko izen ematea. Eskualdean zaintza arloan lan egiten duten edo egin nahi duten zaintzaileek gaitasun tekniko zein zeharkakoak jaso eta barnera ditzaten nahi dute ekimen berri honekin.

Izan ere, UKUEren arabera, mendekotasun-tasak gora egingo du datozen urteetan, eta gora egingo du zaintzari lotutako enpleguak. Horrez gain, adineko pertsonek kalitatezko zaintza behar dutela irizten dio UKUEk, eta baita zaintzaileek kualifikazioa ere, mendekotasuna duen pertsonari behar duen arreta emateko. 

2022ko abenduan emango diote hasiera prestakuntzari, eta 2024ra artean garatu. Hiru modalitateko prestakuntza eskainiko dute: ostiral arratsaldeko eta larunbat goizeko ordutegian –zehaztu gabe dute ordutegia–; aurrez aurre, astelehenetik ostiralera, 15:30etik 19:00ak artean; eta online

Guztira, 370 orduko prestakuntza teoriko eta praktikoa izango da, eta 80 orduko praktika prozesua ere barnebilduko du eskaintzak. Era berean, ekimena gauzatu eta pertsonak lan munduan txertatzeko sare bat osatuko du ondorengo eragileekin: Lanbide, bost udaletako Gizarte Zerbitzuetako sailak, Zarauzko Udaleko Immigrazio saila, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Ikaslan Gipuzkoa, Pinpirin Orio SL eta Matia Fundazioa - Otezuri egoitza. 

Izen ematea zabalik hilaren 14ra arte

Zabalik izango da izen ematea abenduaren 14a bitarte. Interesdunek Oteitza Lizeo Politeknikoko idazkaritzara deitu beharko dute, 943-11 10 00 telefono zenbakira, eta Ainhoarengatik galdetu. Argibideak jasotzeko nahiz informazio gehiagorako, Enplegu Zerbitzura deitu –943-89 08 08– edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi daiteke.