Konstituzioaren Egunean "ospatzeko ezer ez" dutela eta, hainbat ekintza antolatu dituzte eskualdean biharko

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 5a, 15:00

Zumaiako Sortuk, Ernaik eta LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu dute Euskal Errepublikaren alde. Deitzaileen aburuz, "78ko erregimenak bere burua zuritzeko baliatzen du abenduaren 6a". Ikasle Abertzaleek Espainiako Konstituzio Egunari ez! lelopean antolatu dituzte ekintzak. Bihar goizean egingo dituzte "lanketa politikorako, aisialdirako nahiz komunitatea indartzeko" egitarauak Azpeitian eta Zumaian. 

Espainiako Konstituzioaren Eguna izango da bihar, abenduak 6. Hori dela eta, "ospatzeko ezer ez" dutela aldarrikatzeko hainbat ekintza egingo dituzte Azpeitian eta Zumaian.

Alde batetik, Zumaiako Sortuk, Ernaik eta LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu dute biharko, konstituzioaren eguneko ospakizunarekin bat egiten ez duela adierazteko. Hain zuzen, Euskal Errepublikaren aldeko elkarretaratzea egingo dute biharko egunez,  Saregileen plazan, 19:00etan hasita. Abenduaren 6a "78ko erregimenak bere burua zuritzeko baliatzen du", deitzaileen ustez, eta horregatik, zer ospaturik ez dutela nabarmendu dute: "Ez ditugu onartzen herri eta hizkuntza zapalduen kartzela, elite ekonomikoaren aterpe eta estolderia zikinaren babesleku diren Espainiako Estatua eta bere konstituzioa". Horregatik, Euskal Errepublikaren aldeko mezua zabaltzeko baliatuko dute asteartea.

Ikasle Abertzaleek, formakuntza eta aisia

Bestetik, Espainiako Konstituzio Egunari ez!  lelopean ekintzak egingo ditu Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak. "Lanketa politikorako, aisialdirako nahiz komunitatea indartzeko" egitarauak antolatu dituzte Ikasle Abertzaleek eskualdez eskualde, eta Urola Erdian zein Urola Kostan ere egingo dituzte jarduerak. Urola Erdiko IAk Azpeitian egingo ditu ekintzak, eta Urola Kostakoak Zumaian. 

Azpeitiko ekintzak Esklabak Zentro Sozialistan egingo dituzte. 12:00etan hasiko dira antolatutako ekintzekin. Aurrena, IAren 34 urteko ibilbidea izeneko hitzaldia eskainiko dute. Solasaldian ikasle antolakundearen ibilbideaz eta garapenaz arituko dira, eta bertaratzen direnen zalantzak argitzeko tartea ere hartuko dute. Ondoren, bazkaria egingo dute Esklabetan bertan, 14:00etan hasita. Bazkaritara joan nahi dutenek sei euro ordaindu beharko dituzte. Arratsaldean aisialdirako tartea hartuko dute, eta 17:30ean hasita mus txapelketa jokatuko dute. 

Zumaiako ekintzak, aldiz, Torreberri Gaztetxean egingo dituzte. 11:00etan jarri dute hitzordua, eta IAren 34 urteko ibilbidea izeneko hitzaldia eskainiko dute. Ondoren, mokadutxoa egiteko tartea hartuko dute.