Urteko azken egunean, San Silbestre lasterketak egingo dituzte eskualdean

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 16a, 15:17
Azpeitiko San Silbestre lasterketaren sustatzaileak, proba aurkezten. (Urtzi Oteiza)

Urtea ondo amaitzeko, tradizio bilakatu dira abenduaren 31n egin ohi diren San Silbestre lasterketak. Urola Kostan, Aian, Aizarnazabalen, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen Zestoan eta Zumaian egingo dituzte.

2022. urtea ari da azken hondarrera iristen, eta ohiko moduan, eskualdeko hainbat herritan prest dituzte abenduaren 31n ezinbesteko hitzordu bilakatu diren San Silbestre lasterketak. Urola Kostan, Aizarnazabalen, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen Zestoan eta Zumaian egingo dituzte probak.

Aia

Aian ere korrika amaituko dute urtea. 17:00etan abiatuko dute lasterketa, eta izen ematea 16:30ean egin beharko da, herriko plazan.

Aizarnazabal

Aizarnazabalen, 12:00etan abiatuko dute lasterketa, eta egunean bertan banatuko dituzte dortsalak, 11:30ean hasita. Oraindik zehazteko dute zein izango den ibilbidea.

Azpeitia

 

Betiko festa kutsuarekin eta ibilbide berriarekin dator Azpeitiko 21. San Silbestre lasterketa. Abenduaren 5ean ireki zuten lasterketan parte hartzeko izen ematea, eta dagoeneko 500 dortsal inguru saldu dituzte. Atzo egin zuten aurtengo edizioaren aurkezpena Xeye atletismo taldeko kideek eta Azpeitiko Udaleko zein Marea Urdinako ordezkariek. Dagoeneko jakinarazi dute zein izango den aurtengo ibilbidea, eta aldaketa nabarmena izango da. Gainera, inklusioaren aldeko lasterketa irekia berreskuratu dute antolatzaileek, eta proba horrek ere ibilbide berria izango du. Era berean, lelo eta irudi berria izango ditu lasterketak, probaren hastapenei keinu eginez; ondo bukatu, hobeto hasi! dio lelo berriak.

Antolatzaileek duela aste batzuk aurreratu zuten aurtengo lasterketaren ibilbidea desberdina izango dela, eta atzoko prentsaurrekoan jakinarazi zuten zein izango den ibilbide zehatza. Plazan hasiko da lasterketa, eta Erdikaletik igarota, Damasoko zubira hartuko dute korrikalariek. Enparan dorretxearen ingurutik Artzubiko biribilgunerako hartuko dute, ondoren Goikokaletik igarotzeko. Errebaletik igota, Matxinada kalera hartuko dute korrikalariak, eta handik Artzubirantz joango dira. Zezen plazatik igarota, Garmendiko biribulgunean itzulia egingo dute, eta handik Enparanera hartuko dute berriro. Damasoko zubia igarota, Perez Arregi plazatik parrokiara hartuko dute, eta Done Jakuetik plazara iritsiko dira. Hiru kilometro eta erdi izango ditu lehen itzuli horrek. Bigarren itzulia plazatik hasiko da, eta korrikalariek Errebalerantz hartuko dute, berriro ibilbide bera egiteko. Bigarren itzuliak bi kilometro eta erdi izango ditu. Ohi bezala, 12:00etan Azpeitiko plazatik abiatuko da lasterketa.

Azken urteetan, "trafiko arazao ugari" sortu dizkie Loiolako hiribidean sartzeak, eta horregatik erabaki dute ibilbidea aldatzea. Gainera, ibilbide berriak boluntarioentzako hainbat abantaila eta erraztasun eskaintzen dituela uste dute antolatzaileek, "leku antzekoetatik eremu asko kontrolatzeko aukera eskaintzen duelako". Era berean, lasterketa ikustera irteten diren herritarrentzat ere erosoagoa izango dela uste dute. Inklusioaren aldeko lasterketa ere egingo dute aurten, izurria dela eta, iaz bertan behera gelditu baitzen proba hori. Lasterketa irekiak ere ibilbide berria izango du, eta Alde Zaharrean barrena egingo dute, 10:00etan hasita. 

Aurten, guztira, 800 dortsal jarri dituzte eskuragarri, inoiz baino gehiago. Izen emateak izan duen harrera ikusita, antolatzaileek izen ematea "bizkor" egiteko deia egin diete proban parte hartu nahi duten herritarrei; kirolprobak.com helbidean eman daiteke izena. Internet bidez izena ematen dutenek hamar euro ordaindu beharko dute, eta dortsalak gelditzen badira, abenduaren 30ean eta 31n ere eskuratu ahal izango dira Azoka Plazan, hamabost euro ordainduta.

Getaria

Getarian ere egingo dute San Silbestre lasterketa urteko azken egunean. 12:00etan izango da lasterketa irekia, nahi duen herritar orok parte hartzekoa, eta ondoren ohiko helduen proba hasiko da.

Izena 11:00etatik 11:45era eman beharko da plazan.

100dik gora sari zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean, eta horregatik, udalak eskerrak eman dizkie herriko enpresa, saltoki, taberna, jatetxe eta abarri, sariak eskaintzeagatik esku zabaltasunez.

Emakumezko eta gizonezko irabazleek ere beren saria izango dute aurten, eta baita mozorro originalenarekin parte hartzen duen norbanako nahiz taldeak ere.

Orio

Orion, Orioko Atletismo Taldeak antolatu du San Silbestre lasterketa. Abenduaren 31n, 11:00tan hasiko da kirol ekintza, eta arropa erosoak edo mozorrorik dotoreenak jantzi eta korrika egitera animatu dituzte herritarrak. "Kaleak irribarre handiz eta txalo beroz josi ditzagun denon artean. Azkarrenek saria izango dute, baina gainerako parte hartzaileen artean ere sari mordoa zozkatuko dira", azaldu dute. Lasterketan izena eman daiteke, honako lotura honetan.

Adinaren araberako distantziak osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Hona hemen kategoria bakoitzaren irteera ordutegia:

-11:00etan, HH5etik beherako haurren proba: Kutxatik helmugara, 150 metro.

-11:10ean, LH1 eta LH2ko haurren proba: Sarasua erretegitik helmugara, 300 metro.

-11:20ean, LH3 eta LH4ko haurren proba: 600 metro.

-11:30ean, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko gaztetxoen proba: 1.700 metro.

-12:00etan, helduen proba, buelta txikia bat eta handi bat: 5.000 metro.

Zarautz

Zarautzen, ohiko moduan, arratsaldez egingo dute San Silbestre lasterketa, Musika plazatik abiatuta. Lehenik, gaztetxoen proba izango da, 17:00etan hasita; horiek itzuli txiki bat egin beharko dute herrigunean zehar. Ondoren, helduen lasterketa hasiko da, 18:00etan, eta horiek 3,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.
Izen ematea dagoeneko zabalik dago Helmuga kirol dendan bost euroan. Edonola ere, lasterketaren egunean bertan ere izango da dortsala eskuratzeko aukera bi euro garestiago, alegia, zazpi euroan.
Sariei dagokienez, hiru emakumezko eta hiru gizonezko azkarrenentzat izango dira, eta mozorro onena daramanak ere jasoko du berea. Horrez gain, Gabonetako hogei lote banatuko dira zozeketa bidez. Dortsaleko zenbakiak dira zozkatuko ditzutenak.
 

Zestoa

Zestoan ere, arratsaldez egingo dute San Silbestre lasterketa, udalak antolatuta. 17:00etan hasiko dituzte probak, eta plazan izango dira irteera eta helmuga. Lehenik, 10 urtera arteko umeak ariko dira. Ondoren, 11 eta 15 urte bitarteko haurren txanda izango da; horiek kilometro bateko ibilbidea osatu beharko dute. Azkenik, 16 urtetik gorakoek hiru kilometroko distantzia egingo dute.

Izena egunean bertan eman beharko da, 16:00etatik 16:45era, plazan. Irabazleentzako sariak izango dira, eta gainera, hainbat sari zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.
 

Zumaia

Tradizioari eutsiz, Zumaian ere egingo dute San Silbestre lasterketa. 11:ooetan, haurren probak hasiko dira, eta horiek ikastetxeetan eman beharko dute izena. LH1etik LH4ra bitartekoek 250 metroko ibilbidea osatu beharko dute, Alondegiaren aurretik abiatuta. LH5 eta LH6 mailetakoek 1.100 metroko ibilbidea osatu beharko dute, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta. DBH 1 eta DBH 2 mailetakoek, berriz, 1.500 metroko ibilbidea egingo dute, leku beretik abiatuta. Umeen ostean, 11:30ean, Nordic Walking proba egingo dute; horiek 5.000 metroko ibilbidea osatu beharko dute, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta. Horiek kiroldegian eman beharko dute izena.

Segidan, patinen eta helduen probak izango dira. Patinatzaileak 12:00etan abiatuko dira Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta bost minutu geroago korrikalariak, leku beretik; guztiek bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.

Lehengo urtean bezala, aurtengoan ere ez dute dortsalik banatuko. Izena emateko txartel batzuk egin dituzte, eta Lehen Hezkuntzako ikasleei ikastetxean banatuko zaizkie; helduek, aldiz, kiroldegian jaso ahalko dituzte. Proba egunean buzoiak egongo dira txartelak bertan sartzeko.