GKSk autobusak antolatu ditu hilaren 28an Bilbon egingo duten manifestaziora joateko

Andoni Elduaien 2023ko urt. 15a, 11:09

Eskualdeko hainbat tabernan eman daiteke GKSren Bilboko manifestaziora autobusez joateko izena. GKSk Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean egingo du protesta Bilboko kaleetan.

Hilaren 28an Bilbon manifestazioa egingo du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean. Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da manifestazioa 18:00etan, eta koordinadorak autobusa antolatu du eskualdetik Bilbora arteko bidaia autobusez egiteko.

Urola Erdian, Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik abiatuko da autobusa Bilbora. Izena emateko aukera jarri dute Azkoitiko Tta-kun, Azpeitiko Haginpe eta Zestoako Mollergi tabernetan. Ordainketa egunean bertan egin beharko da. Zestoako Arozena pareko autobus geralekutik abiatuko da Urola Erdiko autobusa, 15:45ean; Azpeitian anbulatorio pareko autobus geralekuan hartu beharko da autobusa 16:00etan, eta Azkoitian Eroski txikiaren alboko autobus geralekuan, 16:15ean.

Kostaldean, berriz, Getarian, Zarautzen eta Zumaian egongo da Bilborako bidaia autobusez egiteko aukera. Zarauzko Orbela tabernan eta Zumaiako Txikixa nahiz Nikol tabernetan dago autobuserako izena emateko aukera. Izena ematean hiru euro ordaindu beharko da autobusaren txartelagatik bi herri horietan. Getariako autobus geralekutik 16:15ean abiatuko da autobusa, eta Zumaiatik nahiz Zarauztik 16:30en. Zarautzen Sanz Eneako autobus geralekuan hartu beharko da autobusa, eta Zumaian, Patxita Etxezarreta kaleko autobus geralekuan.

GKSko kideek gaur egungo egoera politiko eta ekonomikoaren testuinguruan kokatu dituzte protestak. Salatu dutenez, herritar guztiek ez dituzte modu berean nozitzen "kapitalismoaren krisi sakonaren" ondorioak. Gainera, ohartarazi dute bankari eta enpresari handiak "negozioa" egiten ari direla langileen kontura. Haien ustez, "enpresari handien eta agintarien erasoaldia" da egungoa, eta egoera ez da egun batetik bestera aldatuko. "Kapitalismoaren ziklo ekonomiko berri batean sartu gara, paradigma kapitalista berri batean, eta paradigma berri horretan langileon pobrezia eta eskubideen ezabaketa ez dira salbuespenak, normaltasun berria baizik".