Bisita gidatua egingo dute igandean Oletako estazio megalitikora

Andoni Elduaien 2023ko urt. 16a, 09:00
Iruarrietako trikuharria, Oleta mendian. (Irekia)

Oletako nahiz Pagobakarreko tumuluak eta Iruarrietako trikuharriak nahiz dolmenak bisitatuko dituzte. Bidaia autobusez egiteko aukera jarri dute antolatzaileek, eta izena emateko epea osteguneko 22:00etan amaituko da. Igandean, 09:15ean abiatuko da autobusa Oleta aldera.  

Datorren igandean, hilak 22, bisita gidatua egingo dute Oletako estazio megalitikora. Azpeitiko Antxieta arkeologia elkarteko kideek emango dituzte azalpenak mendi irteeran, eta Oletako nahiz Pagobakarreko tumuluak eta Iruarrietako trikuharriak nahiz dolmenak bisitatuko dituzte. Bisita gidatua 11:00etan hasiko da Oletan. 

101 Arrazoi egitasmoaren barruan kokatu dute mendi ibilaldia. Joan den asteazkenean hasi zuten egitasmo zikloa EHUko ikertzaile-irakaslearen eta Ingeniaritza Termikoan doktorea den Alvaro Camposen eskutik. Hain zuzen, Anaitasuna Mendi Bazkunak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Agiro mendi klubak, Sokaitz eskalada taldeak, Oletan ere Ez! nahiz Sañu Bizirik! plataformek antolatu dute elkarlanean egitasmoa.

Mendi irteerara autobusez zein oinez joateko aukera egongo da. Bidea autobusez egin nahi duten herritarrek Lopetegi Iturgintza dendan eman ahalko dute izena Azkoitian. Aldiz, Azpeitian edo Zestoan mendi elkarteetan eman daiteke izena; ostegunean, urtarrilak 19, itxiko da izena emateko epea. Azkoitian, Eroski txikiaren alboko autobus geralekutik abiatuko da autobusa, 09:15ean. Aldiz, Azpeitian, 09:00etan irtengo da autobusa anbulategi aurretik, eta Zestoan, Gurutzean abiatuko da autobusa 08:45ean. Dena den, bidea oinez egiteko aukera ere izango da.